Irungo Udala. / Martin Tellechea

Pasa den abenduaren 4an amaitu zen ofizialki Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala, eta orain, balorazioa egiteko unea da. 2018ko edizioan bezalaxe, aurten ere Udalaren eta hiritarren ordezkarien artean antolatu da Irunen.

Irundarrek, aldiz, ostiral honetan izango dute aukera balorazio partekatua egiteko. Horretarako, aurtengo laugarren eta azken Euskaraldia Batzordea egingo da, arratsaldeko 18:00etan, Palmera Montero Gunearen 2. Aretoan. COVID-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak betetze aldera, joan nahi duenak izena eman beharko du: irun@euskaraldia.eus.

Parte-hartzaileen %31 berria

Lehen edizioan bezalaxe, norbanakoen hizkuntza-ohiturak astintzea izan du helburu bigarren Euskaraldiak ere. Euskal Herri osoan zehar egin da ariketa soziala, eta denera, 180.000 norbanakok eman dute izena Ahobizi eta Belarriprest moduan, eta horietatik 2.198 lagunek eman dute izena Irunen. Horiek rolaren, generoaren eta adinaren arabera aztertzen baditugu, badaude aldeak:

– Rolari erreparatuz gero, irundarren %77ak ‘Ahobizi’ rola hartu du (1.698 lagun); gainontzeko %33, aldiz, ‘Belarriprest’ izan da (500 lagun).
– Generoaren arabera,10etik ia 6 baino gehiago emakumeak izan dira, hau da, %64 (1.402 lagun). Gizonak izan dira %35 (770 lagun), eta ez-bitarrak, aldiz, %1 (26 lagun).
– Bukatzeko, adinari dagokionez, 30-44 urtekoek hartu dute parte, gehienbat: parte-hartzaileen %38 izan dira (833 lagun). Segidan daude 45 eta 60 urte artekoak (%32, 710 lagun); 16-29 urte bitartekoak ondoren (%19, 405 lagun); eta 60 urtetik gorakoak izan dira parte-hartzaileen %10 (229 lagun). %1ak ez du jaiotza-urterik zehaztu.

Aurtengo edizioan, Irungo parte-hartzaileen 10etik 3k adierazi du 2018ko Euskaraldian ez zuela parte hartu (%30, 697 lagun), hortaz, Ahobizi eta Belarriprest berriak erakartzeko gaitasuna izan da.

Aurtengo edizioan, norbanakoak ez ezik, taldean ere ari dira ariketa egiten, horretarako sortutako Ariguneetan. Irunen 93 entitatek eman dute izena, eta ia 400 Arigune sortu dituzte, barne-ariguneak (taldearen barnean), nahiz kanpo-ariguneak (herritarrekin harremanean).

Hainbat ekintza Euskaraldia ikusgarriagoa egiteko

Irundarrek ariketa soziala taldean zein bakarka egitera animatzeaz gain, egitarau berezia ere antolatu du Irungo Udalak, Euskaraldia Batzordearekin elkarlanean. Denera, 9 jarduera egin dira azaroaren 20an hasi eta abenduaren 5era bitarte.

“Egitaraua COVID-19ak eragindako baldintzetara egokitu behar izan badugu ere, irundarren erantzuna ederra izan da”, azaldu du Martinezek. Eskerrak emateko ere aprobetxatu du: “Irungo Euskaraldiaren antolaketan aritu direnei, ekitaldietara bertaratu direnei eta ariketa sozialean parte hartu duten Ahobizi eta Belarriprestei eta entitateei eskerrak eman nahi dizkiet Irungo Udalaren izenean. Gaurtik aurrera ere, gehiago, gehiagorekin, gehiagotan jarraituko dugu inertziak apurtzen; egunean 24 orduz, astean 7 egunez. Euskarak 365 egun ditu-eta”.