Miren Echeveste, Euskara arloko ordezkaria. / Irungo Udala

Azken urteotan bezala Irungo Udalak programazio berezi bat prestatu du Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Miren Echeveste Irungo Udaleko Euskara Ordezkariak programa aurkezteaz gain, hiritarrak gonbidatu ditu antolatutako ekitaldietan parte hartzera.

Antolatutako ekimen gehienak abenduaren 3ko astean izango badira ere, azaroan, asteazken eta ostiraletan hain zuzen, HAURRAK PARKEAN proiektuan parte hartzeko aukera izango dute 2-10 urteko haurrak dituzten familiek. Gogorazi nahi da proiektu honen helburu nagusia parkeetan eta kalean euskararen erabilera handitzea dela.

Programazioa hau izango da:

Abenduaren 1ean, KALEAN BAI sinatze ekitaldia izango da udaletxean.

Kalean Bai plana Irungo aisialdiko jarduerak eta ekintzak urratsez urrats euskalduntzeko helburuarekin sortu zen duela urte batzuk. Hitzarmengintzaren bitartez Irungo elkarteek hainbat konpromiso hartu izan dituzte haien entitateetan eta antolatzen dituzten jardueretan euskara bultzatzeko.

Udalak abiarazitako hausnarketaren ondorioz, Kalean Bai plana berraktibatzeari ekin zaio: hitzarmen berriak sinatuko dira, eta egungo errealitatera egokituko dira. Lan hau faseka egingo da, eta 25 urte bitarteko haur eta gazteentzat eskola orduz kanpoko jarduerak antolatzen dituztenekin hasiko da lanketa.

Abenduaren 2an BERTSO SAIOAK PARKEZ PARKE Alaia Martin eta Sustrai Colinaren eskutik 17:00etan San Juan plazatik abiatuta. Bertsolariak helduak haurren aurrean euskaraz aritzeko garrantziaz arituko dira bertan.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna, hainbat ekintza izango dira:

CBA liburutegiak animazio ekitaldi bat antolatu du kalean KONTUKANTOI taldearen eskutik, goizetik eguerdira arte eta 16:00etatik 18:00etara Zabaltza plazatik CBAraino.

Oiasso museoak BAKARRIZKETA saio bat antolatu du bere aretoan 18:00etan.

Egun horretan bertan, 19:00etan Amaia Kultur Zentroan IDOIAren Neguko Bira kontzertua ikusi eta entzuteko aukera izango da. Idoia Asurmendiren kasua euskal eszenako deigarrienetako bat da. Ahoz aho eta kanturik argitaratu gabe, kontzertu deigarriak lotzea lortu zuen, non “sarrera agortuak” kartela jarri zuen Jazzaldian, Chillida Leku Museoan, Donostia Festibalean, Tabakalera Kultur Etxean… 12 abesti eta errezitatu batzuen bidez, goizetik eguzkia erori arte egun bat igarotzea iradokiko du, eszenatokia txikitu edo handituko duten poema, argi-joko eta lanparekin.

Abenduaren 4an, beste bi ekitaldi izango dira, 12:00etan San Juan plazatik abiatuta KANTUJIRA, ekintza parte-hartzailea, BENTAZAHARREKO MUTIKO ALAIAK taldeak gidatuta. Parte hartu nahi duen guztiari kantu liburuxka bat emango zaio haiekin batera kantatu ahal izateko.

Egun horretan bertan Amaia Kultur Zentroan 19:00etan EUSKAL MUSIKAREN ZERTZELADAK dokumental musikala eskainiko du SKOLA MUSIKek. Dokumental honek Euskal Herrian musikaren esparruan eman eta garatu diren musika estilo batzuk ikusi eta entzuteko parada eskainiko dute, antzinako giro eta soinu-ezaugarrietatik hasita gaur egunekoetaraino. Zuzeneko musika eskaintzen den bitartean, sasoi bakoitzeko artista eta talde esanguratsuen irudiak ikusi ahal izango dira pantaila handian. Emanaldiak ordu eta laurdenetik ordu erdira bitarteko iraupena izango du.

Horretaz gain, bi Mintzodromo Gazte egingo dira Irungo institutuetako 4. mailako ikasleekin. Azaroaren 30ean eta abenduaren 2an izango dira 10:00etatik 12:00etara Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian.

Euskararen erabileran aurrerapausoak emateko nahiarekin eta EUSKARALDIAren baitan HAURRAK AURREAN HELDUAK HELDU egitasmoa garatuko da azaroaren 22tik abenduaren 5era.

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen. Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea; eta horrekin, belaunaldi berriek hizkuntza praktika berriak normalizatu eta barneratzea.

Ariketa honetako xede taldea 0 – 12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten herritar helduak dira (gurasoak, hezitzaileak, lagun helduak, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideak …).

Aktibazio ekimen hau aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Irungo ikastetxe eta elkarteen laguntza. Irungo Udalak hainbat euskarri (kartelak, lonak, enara, identifikagarriak…) banatuko ditu, ekimena girotzeko eta helduak parte hartzera gonbidatzeko.

Euskara ordezkariak azaldu duenez, ekimen guztiak doakoak izango dira, PEREZ SAGUTXO antzezlana izan ezik; hau ikusteko ohiko sarrera ordaindu beharko da. IDOIAren Neguko Bira eta Euskal Musikaren Zertzeladak ikusteko berriz, gonbidapena hartu behar da, turismo bulegoan edo interneten bidez. Pertsonako 4 sarrera hartu ahalko dira.