Miren Echeveste, Euskara ordezkaria. / Irungo Udala

Irungo Udalak, Euskara arloaren bidez, Merezi duelako! ¡Por lo que más quieres! proiektua abiarazi zuen 2009an, euskararen familiarteko transmisioa sustatzeko. Bada, ekimen horren esparruan, “Familia Ola” programa sortu zen: 2 urtetik 8 urtera bitartean dituzten haurren familientzako jarduera sorta bat.

Helburua da euskararen erabilera sustatzea ikasgelatik haratago. Euskara eskolatik eta antzeko leku klasiko eta formaletatik kanpo erabiltzea normalizatzen jarraitu nahi dugu, eta beste leku batzuetara zabaldu.

Euskarako ordezkari Miren Echevestek adierazi duenez, bestalde, “Familia Ola programak indartu egiten du Udalaren apustuetako bat, familiek jarduerak euskaraz egin ditzaten sustatzekoa, hain zuzen. Uste dugu ezinbestekoa dela horrelako jarduerak bultzatzea. Izan ere, egia da euskara sustatzen dela neska-mutilen artean, baina funtsezkoa da era berean familietan ere hizkuntza bultzatzea”.

Horretarako, familia euskaldunentzako eta hizkuntza ondo jakin ez baina euskararen erabilera sustatu nahi dutenentzako aisialdiko jarduerak antolatzen dira: sukaldaritzatailerrak, eskulanak, irtenaldiak eta abar antolatu izan dira aurreko ikasturteetan.

Ildo horretatik, Euskara arloak azarorako programatutako proposamenak iragarri ditu:

ITSASOAN MURGILDUTA ASTEA
Itsasoan ikus daitekeen animalien eta bizidunen eskulan tailerra. Material eta teknika ezberdinak erabiliko dira arte lanak sortu ahal izateko.
Adin tartea: 2-8 urte
Noiz: azaroak 23 eta 25
Ordutegia: 17:30-19:00

IRTEERA ALBAOLARA BISITA
Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita gidatua eta museoa, arotzen tailerra eta San Juan baleontziaren eraikuntza ikusteko aukera egongo da.
Adin tartea: 2-8 urte
Noiz: azaroak 27
Ordutegia: goizez

EUSKARAZ JOLASEAN TAILERRA
Euskarazko jolas kooperatiboak, talde jolasak edota familian aritzeko jolasak ezagutzeko eta ikasteko tailerra. Familia giroan elkar gozatzeko saioa.
Adin tartea: 2-8 urte
Noiz: azaroak 30 eta abenduak 2
Ordutegia: 17:30-19:00