Bilera telematikoki egin da. / Hondarribiko Udala

Gizarte eragileekin batzartu berri da Hondarribiko Udala. Hala eman du aditzera Gotzone Larrartek Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. “Pandemiaren hasieratik herriko gizarte eragileekin batzartzen garen laugarren aldia da, ezinbestekoa iruditzen zaigu eta gauden egoeran kontaktu hau mantentzea eta lankidetzan jarraitzea”.

Bileretan Udalaren aldetik Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte zinegotziak hartzen dute parte, eta gizarte eragileen aldetik Nagusilan Elkarteak, Caritas, Gurutze Gorriak eta DYAko ordezkariek.

“Gogoratu nahi dut Udal Gobernu Taldearen ‘Pertsonak eta familiak’ gure lanerako ildo estrategikoetako bat dela. Gure helburua pandemiaren jarraipena egitea izan da une oro, bai eta pandemiaren ondorioz sortzen diren beharren jarraipena egitea ere. Azken honetan, udalerriaren egungo egoera aztertzen da, kutsatze-kopuruari eta intzidentzia-datuei dagokienez, bai eta txertaketa-kanpaina ere”.

“Hortaz gain, orain arte izapidetutako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, migratzaileen datuak eta udarako egoeraren ikuspegia ere. Bileren alde onak komentatu genituen, eta aldizkako bilerak elkarrizketa-mahai gisa egitea proposatu genuen. Espreski eskertu nahi dut bilera hauetan parte hartzen duten pertsonen jarrera. Oso positiboak eta eraginkorrak direla esango nuke”.

“Egoerak nola jarraituko duenaren arabera, irailaren erdialdera berriz batzartuko gara”, esan du Larrartek.