Gurasolaguna mintzapraktika abian jarriko du udalak

Euskaraz hitz egin edo praktikatu nahi duen gurasoari aukera hori eskaini nahi dio, baina horretaz gain, baditu beste bi helburu aipagarri ere: bata, gurasoen arteko harremanak euskaraz izatera bideratzea eta, bestea, etxeko hizkuntz ohituretan eragitea

0
1406

Hondarribiko udalak Mintzalaguna mintzapraktika egitasmoa antolatu du lau ikasturtez. Oraingoan, gurasoen eta familien euskararen erabileran eragiteko nahian pausu bat gehiago ematea erabaki du eta Gurasolaguna gurasoei zuzenduriko mintzapraktika egitasmoa jarriko du martxan, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San José ikastetxeen babesarekin.

Gurasolagunak, euskaraz hitz egin edo praktikatu nahi duen gurasoari aukera hori eskaini nahi dio, baina horretaz gain, baditu beste bi helburu aipagarri ere: bata, gurasoen arteko harremanak euskaraz izatera bideratzea eta, bestea, etxeko hizkuntz ohituretan eragitea.

Egitasmoak bi partaide mota bilduko ditu bospasei laguneko taldeetan; euskaraz jariotasunez hitz egiten duen gurasoa alde batetik, eta bere euskara maila hobetu nahi duena bestetik. Astean behin elkartuko dira taldeak gurasoei ongi datorkien ordutegian. Eskola ordutegietara moldatutako ordutegiak eskainiko zaizkie gurasoei aukeran, zehazki; 9:15etan, 15:00etan eta 16:30etan. Halere, eskainitako ordutegietan biltzeko aukerarik izango ez balu norbaitek, beste ordutegi bat proposatzeko aukera ere izango du.

Esan bezala, Gurasolagunak gurasoen arteko nahiz familia barruko euskararen erabileran eragiteko helburua ere baduenez mintzapraktikaz gain, ekintza osagarriak ere antolatuko dira, gurasoei zuzendurikoak batzuk eta familia osoak parte hartzekoak besteak.

Horrenbestez, Hondarribiko udalak Gurasolagunean parte hartzeko eta izena emateko deia luzatu nahi die gurasoei, bai euskara maila hobetu nahi duen gurasoari, eta baita aurrekoei horretan laguntzeko prest dagoen gurasoari ere.

Izena emateko 688 865 398 telefonora deitu behar da, mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera idatzi, euskara zerbitzura hurbildu edo www.blogak.eus/mintzalaguna_hondarribia idatzi.