Xabier Sagarzazu urtarrileko Hondarribia aldizkariaren ale batekin. / Oihana Sánchez

Hondarribia aldizkariak itxura berriarekin atera da. Urtarriletik Noticias de Gipuzkoa egunkarian lan egiten duen Xabi Sagarzazu kazetari hondarribitarra da bere koordinatzaile berria. HiruBiBat enpresa sortu du Álex Fernández eta Maore Sagarzazurekin batera. Lehendik ere esperientzia zuen aldizkariarekin, azken urteotan bera izan bait da idatzi duena.

– Nola eman zenuten pausoa lehiaketa publikora aurkezteko?

Ez da erabaki erraza, nire kasuan bezala, beste ardura profesional batzuk badituzu eta guztia familia eta aisiarekin uztartu nahi baduzu, honelako abentura batean sartzea… Gauza da azken sei urteetan aldizkaria egiten zuen enpresarentzat lan egiten ari nintzela, erredakzio eta koordinazio kontuetan bakarrik. Une batean, begi bistan daukazu aurrera pauso hori eta pentsatu egin behar da ondo zer eta nola egin. Gainera, hemendik aurrera, erredakzio ardurez gain, bestelako ardurak izango ditut gainean, nire bazkide diren Álex Fernández eta Maore Sagarzazurekin batera. Publizitatea saldu behar dugu eta horrek ematen digun etekinarekin eta udalak urtean aldizkarirako ematen duen diru kopuruarekin, aldizkari osoa gain hartzen dugu: diseinu eta maketazioa, inprimatze eta banaketa gastu guztiak, erredakzioa, kolaboratzaileen koordinazioa eta udalarekiko harreman zuzena. Ardura haundia da eta denbora gehiago eskatzen du. Baina aldi berean, etekina guretzako izango da, kudeaketa zuzena egiten dugulako eta ez hirugarren batentzako lana.

– Zuk esperientzia zenuen aldizkariarekin.

Halaxe da. Sei urtez izan naiz Hondarribia aldizkariko edukinen idazle eta kolaborazioen koordinazioa ere, neurri haundi batean, nire gain izan dut. Udalarekiko harremana ere haundia izan da eta banuen irrikia edo gogoa noizbait orain emandako saltoa egiteko, baina arriskuak ere kontuan izan behar nituen. Sarerik gabe salto egitea bezala izan da, lehiaketa irabazi ez bagenu, oso ondo zetorkidan lan eta diru-iturri bat galduko nuelako.

– Lehen idaztea tokatzen zitzaizun bakarrik, orain, koordinazio lanetan, gaiak bilatzea edo publizitatea eskatzea tokatzen zaizu ere.

Koordinazioaren zati bat aurretik ere nere ardurapean neukan, zenbait kolaboratzailerekin behintzat eta orain guztia dago gure esku, bereziki udalarekiko tratu zuzena eta kontratu publiko batek suposatzen duen guztia: oinarriek esandakoa ondo betetzea, enpresa bat sortu eta hori kudeatzea, Antza inprimategiarekin eta Sei Express banaketa-enpresarekin harreman zuzena edukitzea… eta nola ez, publizitatea. Ia inork ez du dirua soberan eta non iragartzea ondo pentsatu beharra daukate enpresa eta negozio ezberdinek. Gu orain hasi gara iragarle zirenak banan-banan bisitatzen eta erantzuna, egia esan behar dut, ona izan da. Aldizkariaren diseinu berriak ere asko lagunduko digulakoan nago.

– Nola banatzen duzue lana?

Álex Fernández eta Maore Sagarzazu diseinatzaile grafikoak dira eta beraien enpresa propioa daukate, Bibat Studio izenekoa. Aspektu teknikoak eta inprimategiarekiko harremana beraien gainean izango dituzte. Ni kazetaria naiz eta banuen edukinen koordinazio eta erredakzioan esperientzia hori. Udalarekiko harremana nire gain egongo da nolabait, baina beste gauza asko elkarbanatuko ditugu, publizitate salmenta adibidez eta fakturazioa eta bestelako tramiteak.

– Elkar ezagutzen zenuten?

Ba egia esan behar dut. Ez genuen pertsonalki elkar ezagutzen. Nik Bibat Studioren izena entzuna nuen eta ezagutzen nuen, adibidez, Hondarribiko Udalaren kultur agendarekin egiten duten lana. Ezagutzen dugun lagun amankomun batek aurkeztu gintuen. Nik jo nuen lagunarengana, aldizkariaren lehiaketara aurkeztu ahal izateko diseinatzaileak behar nituelako. Aldizkari oso bat egin behar zen lehiaketara begira! Lagun honen bitartez topatu nintzen Álex eta Maorerekin eta oso diseinatzaile fin, profesional eta konpetenteak direla erakutsi didate. Eta kimika pertsonala ere lortu dugula uste dut!

– Aldizkaria itxura berriarekin atera da urtarrilean. Datozen aleetarako aldaketa gehiago ikusiko ditugu?

Diseinu berria, aldizkariaren zenbait atal berri eta zaharretako batzuen aldaketak lantzen hilabete pare batez aritu ginen, lehiaketa publikoaren epea ireki baino lehenago. Guzti hori ondo definitu eta forma egokia emateak uste dut asko lagundu digula lehiaketaren alderdi teknikoaren balorazioan. Aldaketa gehiago izango diren? Baten bat badugu buruan, Udal Euskara Zerbitzuko Karmelo Goikoetxearekin batera, baina poliki joango gara. Momentuz, diseinu berria egonkortu, enpresa martxan jartzea eta publizitatearen salmenta ditugu helburu, zerotik hasten baikara horretan. Motorra arrankatu eta gero martxak igotzen joango gara, poliki-poliki.

– Jesús Mari Mendizabal, Koldo Ortega edo Aritz Díez bezalako kolaboratzaileak mantentzen dituzue, baina berriak ere etorri dira.

Zoragarria izan da orain arte aldizkarian bolondres modura aritu izan diren Bizargorri, Koldo Ortega eta Aritz Díezekin kontatu ahal izatea. Lehiaketara aurkeztekoan, baimena eskatu genien gure proposamenean ere haiek lagun izango genituela aipatu ahal izateko. Jesús Mari eta Koldo beteranoak dira eta jendeak oso gustuko ditu beraien idatziak. Eta Aritz, oso gaztea aldiz, baina arkitektura eta historiari buruz oso artikulu ederrak idazten ari da. Oso pozik gaude beraiekin kontatzeaz.

Horiekin batera, ACUBIko Belén Martínezek ere gurekin jarraitzen du eta Udal Liburutegiak, Kofradiak, Bidasoa Bizirikek, Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak, Blagan Euskara Elkarteak eta Gazte Informazio bulegoak ere tartea izaten jarraitzen dute. Eta berriak ditugu Hondarbiko Hitzak atala, Ketxus Ponceren laguntzarekin, eta Gorka Bereziartuak eta Ernesto Villarrek txandaka idatziko dituzten literatura eta musika zutabeak. Denek gustuz hartu zuten gure proposamena eta esker hitzak besterik ez ditugu gugan jarri duten konfiantzarengatik. Lana bolondres egiten dute, herriko aldizkariarentzat eta herritarrentzat. Hori oso polita da. Edozeinek idatzi nahi badu zeozer, jarraitasunarekin edo puntualki, beti ongi etorria izango da eta aski du gurekin hondarribia.aldizkaria@gmail.com helbidean harremanetan jartzea.