Txapelketa bi urtetan behin antolatzen da. / Hendaiako Udala

Euskarako zinegotzia den Michelle Mounios-Adurriagak eta Irakaskuntza auzapezordea den Nicole Butorik 7. Eskolarteko Euskal Kantu Txapelketa abian jarri dute, Hiri-barneko lehen mailako eskolan antolatutako kantuen zozketan parte hartuz.

Eskola bakoitzeko bi ordezkari joan dira autobusez Hiri-barneko eskolara beren kantuak zozketatzeko, txapelketarako hautatua izan den 14 kantuko errepertorioan (gehi elkarren arteko kantu bat). Aurten ere Hendaiako lehen mailako eskoletako haur askok parte hartuko dute txapelketa honetan.

Txapelketa bi urtetan behin antolatzen da, hiru helbururekin: gero eta gehiago galtzen ari diren euskal kantu tradizionalen ikaskuntza haurrengan bultzatzea; euskaraz molde ludiko batez aritzea; euskara ekintza humanitario bati lotzea, aurten Hendaiako SNSM (Société Nationale de Sauvetage en Mer) elkartearen bidez.

Aurkezpen-kontzertua 2017ko abenduaren 3an (igandea) izango da, 16:30etan, Beltzenia auzoko Daniel Ugarte pilotalekuan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Haurrek kantuak ikasiko dituzte, Thierry Etchegaray eskusoinu jolearen, Eric Ruiz gitarristaren, eskolako jantegietako animatzaileen eta Elsa Spizzichino euskara teknikariaren laguntzarekin.

2013 eta 2015ean bezala, guraso eta haurrentzako kantu tailerra eskainiko da urriaren 24 eta 25ean, udazkeneko oporretan, kultura-deskubritze tailerren eta Haurren Astearen baitan. Tailerra dohainik da, eta 18:00etatik 19:30etara izango da Mendi Zolan kulturgunean (izen-emateak bertan edo turismo bulegoan).