Berako Gure Txokoa taldea. / Hondarribiko Udala

Aste osoan zehar eta hamaikagarren urtez jarraian, Hondarribia Dantzan ospatuko da. Euskal dantzen inguruko jarduera ugari egongo dira, dantza ikuskizunak, erromeria, kalejira edo dantza jantzien erakusketa. Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak antolatzen du Kemen Dantza Taldearen laguntzarekin.

Ostiralera bitarte Kultur Etxean plaza dantzen erakusketa egongo da. Bihar osteguna, Edu Zabalak hitzaldia emango du, “Inauteria, gizakia naturaren kontra” izenekoa. 20:00etan izango da Kultur Etxean.

Ostiralean erromeria izango dugu. Kemen-eko musikarien doinuekin, plazako dantzekin girotuko da Santa Maria Madalena plaza 20:00etatik aurrera. Ikastaroan parte hartu dutenek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ezin hobea izango dute, baita gerturatu nahi duen orok ere.

27an, 11:00etatik aurrera, Hondarribiko kaleetan zehar kalejiran ariko dira aurten etorriko diren taldeak, Berako Gure Txokoa eta Berrizeko San Lorentzo taldea. 12:30etan Santa Maria Madalenako plazan dantza saioa egingo dute. 17:30etan kalejira egingo dute herrian zehar.

Igandean Adaxkak (Kemen-eko haurren dantza taldea) 12:00etan Arma Plazan dantza agerketa burutuko du. 11:00etatik Santa Maria Madalena plazatik aterako dira.