Larunbatean San Pedro kalean stand bat jarriko da. / Hondarribiko Udala

Itsas sektorearen aldeko beste ekimen bat aurkeztu berri da Kirol Kaian, ‘Hondarribia itsasoa da’ lelopean. Udala, Bidasoa Bizirik eta Bidasoako eskualdean itsas sektorean lan egiten duten hainbat enpresa biltzen dituen iniziatiba da. Ekitaldian Sustapen Ekonomikorako, Merkataritza eta Turismoko zinegotzia den Maria Serranok parte hartu du sektoreko hainbat enpresekin batera.

“Kanpaina hau Mahai Nautikoan dugun lankidetzaren baitan sortzen da” dio Maria Serranok. “Aipaturiko mahaia Euskadin aitzindarietako bat da; sektoreko enpresek hondarribiarrei nahiz turistei, zeuden jarduera guztien berri emateko beharra ikusi zuten. Hondarribia Abian, Hondarribiko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako Planean abian dugun zutabeetako bat da”.

“Geroz eta sektore indartsu eta elkartuagoa da, ekitaldiak antolatzeko gogo askorekin dagoena, eta hori asko eskertzen dugu Udaletik. Alor estazionala da, eta maiatzetik urrira edo azarora luzatzen da bere denboraldia. Aurten, pandemia dela eta, ezin izango ditugu ate irekien jardunaldirik egin, eta on line komunikazioa indartuko dugu”.

Larunbatean San Pedro kalean

“Alde batetik, kanpainan parte hartzen duten enpresek bere jardueretan parte hartzeko aukerak zozketatuko dira, eta fisikoki beste ekitaldi bat antolatu dugu. Eguraldiak laguntzen badugu, larunbatean San Pedro kalean stand bat jarriko dugu informazio osoarekin, hiritarrak eta bisitariek jakin dezaten zein den alor nautikoan daukan eskaintza aberatsa” gehitu du Serranok.

“Stand honetan aurkituko dugu informazio osoa, bai zozketetan parte hartzeko, baita 15 enpresa hauen informazio guztia ere. Hondarribiarrei dei egin nahi diegu, ezagutu dezaten zein den bertako enpresa hauek eskaintzen dizkiguten plan eder hauek, aukera guztiak dauzkagulako”.

“Duela gutxi ‘Hondarribia zu zara’ kanpaina martxan jarri dugu bertoko merkataritzari eta hostalaritzari laguntzeko, eta oraingo ‘Hondarribia itsasoa da’ ildo beretik doa. Hondarribiarrari eta bisitatzen gaituztenei zer nolako aukera zabala daukaten ezagutzeko aukera bikaina dela uste dugu”, amaitu du Serrano zinegotziak.