Liburua salgai dago Arma Plazan. / Arma Plaza Fundazioa

Arma Plaza Fundazioak Hondarribia marraztu eta margotzeko liburu bat argitaratu du. Helduei eta umeei zuzendutako argitalpen bat da, margotuz gure hiria bisitatzeko. 7 eurotan dago salgai Arma Plazan, eta beste euro bat erantsita margoak eskuratu daitezke. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du proiektuak.

Marrazkiak Jorge Arranzen kontura doaz. Arranzek 1986tik 2015 urtea bitarte El País egunkarian lan egin du marrazkilari gisa, horrez gain komiki istoriogile moduan Madriz eta Cairo aldizkarietan lan egin du, eta gainera publizitate, prebentzio, ikaskuntza eta integrazio kanpainetarako marrazkiak egin ditu.

Arranzek zera dio, “nire proposamena hiritarra marraz dezan motibatzea da, baina ez artista bihurtzeko, baizik eta sormena eta ezagutza lantzeko guztien eskura dagoen tresna bat erabiliz, eta halaber komunikazioa errazteko, hori baita marrazkiaren balio handiena kalitate artistikoaren gainetik ere”.

“Proposamena urrats bat ematea da, bakarka, taldean edo familian emandako urratsa, liburuaren hasieran ageri den ibilbideari jarraituz. Liburuaren amaieran badaude zenbait orri zuri, jendeak marrazkiak, zirriborroak, oharrak edo aurkikuntza pertsonalak bertan jarri nahi baditu erabil ditzan, Hondarribitik zehar egindako paseo margotu honetan”, jarraitu du Arranzek.

Gure hiriaren ondarearen zabalkudean ematen den beste urrats bat da hau. Sustraia bolondre taldearen laguntza jaso da itsasoarekin loturiko laminan, baita Ekogunearena ere Jaitzubiko paduren laminan.