Tren Berdea. / Bidasoa bizirik

Hondarribiko hotel-okupazioa %93koa izan da abuztuan, hau da, aurreko urteko aldi berarekin alderatuz 9 puntu handiagoa, eta 2021eko uztailarekin alderatuz, 23 puntu handiagoa.

Diego Rodríguez Jaizkibel hoteleko zuzendariak abuztuko balantze positiboa egin du: “Okupazioa %98 inguruan egon da abuztuan, 2020 baino lehenagoko urteetan bezala. Esan beharra dago abuztua beti dela ona, baita orain ere, egon daitezkeen eragozpen guztiekin. Aurten, aurrekoan bezala, askoz gutxiago izan dira atzerriko turistak, gehienak hurbilekoak dira. Azken orduko erreserbak izan ditugu, Pandemia hasi zenetik ohiko joera da hau. Lehen, hilabete bat baino lehenago zenituen erreserbak, eta aurreikuspen bat egin zenezakeen, orain ez”.

Bestalde, Badia tabernako Amaia Urdangarinek honako hau adierazi du: “Pasa dugun azken urte eta negu latz honekin uda oso potentea izango zela uste genuen. Ekaina eta uztaila ez ziren hain onak izan, baina abuztua izugarria izan da. Uztailaren azken astea hasi zen potente eta abuztua egunero oso oso potente. Lan taldea handitu behar izan dugu eta egunero taberna betea izan dugu. Eta ez bakarrik gurea, Gipuzkoa Plazan eta Alde Zaharrean orokorrean oso giro ederra sortu da egunero”.

27.596 bisita Turismo Bulegoetara

Turismo bulegoetan 27.596 kontsulta egin dira azken bi hilabeteetan, iaz baino ia 14.000 gehiago. Horietatik, 22.643 Arma Plazan egin dira (7.553 uztailean eta 15.090 abuztuan) eta gainerako 4.953 Portuko bulegoan (1.823 uztailean eta 3.130 abuztuan).

Bisitarien jatorriari dagokionez, joan den udan gertatu zen bezala, gehienak Euskadikoak, Kataluniakoak, Madrilgoak, Valentziakoak eta Nafarroakoak izan dira, eta atzerriko turismoa gutxiengoa izan da.

“Okupazioari buruzko datu hauek lortzea, batez ere kontuan hartuta uztaila hilabete lasaia izan zela, eta Turismo Bulegoetara egindako bisitak hainbeste hazi direla, oso pozik egoteko eta hilabete honetako balantze positiboa egiteko arrazoiak dira. Hondarribia beti izan da pertsona askok aukeratutako helmuga, baina beti dago ondo hori baieztatzea, bizi garen egoera gorabehera”, esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak gaineratu duenez, “joan den udan turismo nazionalean igoera nabarmena izan zen eta aurten mantendu da, nahiz eta Portuko bulegoan bisitari frantziarren etorrera nabaritu den Hendaiera itsasontziaren zerbitzua berrezarri ondoren”.