Anais Mitxelena eta Kalixa Silanes. / Hondarribiko Udala

www.hondarribia.eus/natura da Udalak martxan jarri duen webgune berria, naturarekin zerikusia duten informazio eta ekimen guztiak ezagutzera emateko eta Hondarribiak dituen txoko naturalak ezagutzeko eta gozatzeko gunea.

Aurkezpena gaur egin dute Jaitzubiako paduretan, Kalixa Silanes Ingurumen zinegotzia eta Anais Mitxelena Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saileko ordezkaria bertan izan direlarik.

“2011tik Hondarribiko Udala Jaizkibel eta Jaitzubiako natura-ondarearen jarraipena eta zabalkundea kontserbatzeko ekintzak bultzatzen ari da” dio Juan Luis Silanesek. “Orain, pauso bat harago joatea erabaki dugu, mikrosite bat sortuz, ekintza eta proiektu horiek eta, jakina, bi lekuetan bizi diren habitat eta espezieak ezagutarazteko”.

“Webgune berrian jarduera-eremuak eta horietako bakoitzean egindako lana islatzen dituen mapa bat ikusi ahal izango dugu. Zuhaitz Egunari buruzko informazioa ere badago; izan ere, Jaizkibelgo zuhaitz-azalerak handitzeko ekintza bat da, bai eta Hondarribian geldialdi didaktikoak egiteko zenbait ibilbide ere”, gaineratu du Silanesek.

Irteera ekainak 19rako

Anais Mitxelenak azpimarratu duenez, “Hondarribiko Udalak hainbat urtez emandako diru-laguntzei esker, aurten zehazki Jaizkibelgo baso lokala berreskuratzeko eta Jaitzubiako apo lasterkaria kontserbatzeko lanean ari gara. Hain zuzen ere, proiektu horren barruan kokatzen da larunbata 19rako antolatu dugun irteera”.

Alde Zaharretik hasiko gara Josu Narbarte arkeologoaren azalpenekin. Bidasoako paduren lurrak lehortuz nekazaritzarako nola eskuratu ziren azalduko digu, besteak beste. Jaitzubian, berriz, Ion Garin herpetologoa egongo da zain guri azalpenak emateko eta guztion artean herpetofaunarentzat gordelekuak egiteko. Apo Lasterkaria espezie mehatxatuaren habitataren hobekuntzan parte hartzeko aukera edukiko dugu”.