Erakusleiho onenentzat hiru sari izango dira, 450, 300 eta 200 eurokoak. / Hondarribiko Udala

Hamargarren urtez jarraian, Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu du. Izenemateko epea abenduaren 2tik 18ra zabalik egongo da BAZen, edota Udaleko erregistro elektronikoan, http://www.hondarribia.eus/eu/izapide-udal-erregistroa.

“Bizitzen ari garen pandemia egoera dena baldintzatzen ari da, baina Udaletik Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa mantentzea erabaki dugu” esan du Maria Serranok, Merkataritzako zinegotziak, “Lehiaketa honen bidez gabonak apaintzeko beste urrats bat eman nahi da, pasa den ostiralean piztu ziren argiekin batera. Erakusleihoen apainketak gutxienez abenduaren 19tik 2021ko urtarrilaren 7a arte egon behar du”.

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute kalera ematen duen erakusleihoa duten establezimendu guztiek, baldin eta martxan baldin badaude.

Epaimahaiak diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena izango ditu kontuan. Erakusleiho onenentzat hiru sari izango dira, 450, 300 eta 200 eurokoak.