Erakusleihoen apainketak otsailaren 11tik 16 arte egon behar du. / Hondarribiko Udala

Inauterietako ekitaldirik egingo ez bada ere, Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak “Hondarribiko 2021eko Inauterietako XI. Erakusleiho Lehiaketa» antolatu du.

“Jakin badakigu ze egoera bizitzen ari garen, baina ahal den neurrian bizitzen ari garen momentu kaxkar hau pixkat arintzeko asmotan antolatu dugu aurtengo lehiaketa”, esan du Maria Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.

Izenematea BAZen egin beharko da gaur, bihar eta etziko 18:00ak arte. Ezarritako epetik kanpo bidalitako izenemateak gutxietsita geldituko dira.

Erakusleihoen apainketak otsailaren 11tik 16 arte egon behar du. Lehiaketan parte hartu ahal izango dute kalera ematen duen erakusleihoa duten establezimendu guztiek, baldin eta martxan baldin badaude.

Bi sari kategoria egongo dira. Lehenengoa, erakundeak izendatutako epaimahai baten balorazioaren emaitza gisa. Bigarrena, herritarrek gustukoen duten erakusleihoa bozkatu ahal izango dute sare sozialen bitartez, ondoren azaltzen den moduan:

INSTAGRAM:

STORY NABARMENDUAK: story bat sortuko da, parte hartzen duen denda bakoitzaren argazkiekin.

POST: 10 denda badira, argitalpen bat sortuko da 10 saltokiekin eta dinamika azalduko da. Erabiltzaileek iruzkin bat egin beharko dute gehien gustatzen zaien erakusleihoaren izenarekin. 10 baino gehiago badira, post desberdinak sortuko dira. Horietako bakoitzean adieraziko da story nabarmenen karpetan parte hartzen duten establezimendu guztiak ikus ditzaketela eta gehien gustatzen zaienaren izenarekin iruzkina utzi behar dutela.

FACEBOOK:

Argitalpen bat sortuko da establezimendu guztien argazkiekin eta dinamika azalduz. Erabiltzaileek iruzkin bat egin beharko dute gehien gustatzen zaien erakusleihoaren izenarekin.