Kalixa Silanes (e) eta Txomin Sagarzazu. / Hondarribiko Udala

Dena prest dago Hondarribiko Inauterietarako. Ostegunetik astelehenera zentratuko dira jarduera gehienak, eta haien aurkezpena gaur egin dute Udaletxeko Areto Nagusian Txomin Sagarzazu alkateak eta Kalixa Silanes, Kulturako zinegotziak.

Txomin Sagarzazu alkateak eskerrak eman dizkie “Inauteriak jai giro apartan bizitzeko lan egiten duten guztiei. Jakitun naiz jende asko dela lan handia egiten duena, eta Udaletik asko eskertzen dugu hori, bizi handia ematen diote eta Inauteriei.Denen artean giro egokia egotea lortzen dugu”.

Kalixa Silanes Kultura zinegotziak programaren aurkezpen osoa egin du. “Hainbat jarduera desberdin antolatu dira, nola ez igandeko desfilea eta asteleheneko sari banaketa, Gazteria Departamentutik mozorro lehiaketa Puntalean ostiralean ere… baina azpimarratu nahiko nuke larunbateko eta igandeko ekitaldien sorta. Hondarribiko Udaletik 30.000 euroko aurrekontua bideratzen da Inauterietarako” dio Silanesek.

Gaurtik martxoak 1 arte: Arma Plazan kartel lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara irekitzen da eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.

Otsailaren 20an, osteguna: Alde Zaharrean zehar, 18:00etatik aurrera Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, ikasleen Inauteri Kalejira.

Otsailaren 21an, ostirala: 18:00etatik aurrera, Parodia Arma Plazan, Mugiri Kultur Elkarteak antolatuta.

Otsailaren 22an, larunbata:

9:00etan Saindutik abiatuta: Emeki Elkarteak antolatuta, Mairuak Baserriz-Baserri.
12:30ean, Abiyuan Txaranga herriko kaleetan zehar ariko da.
14:30ean, herri bazkaria Arma Plazan. Ezinbestekoa izango da mozorratua joatea. Sarrerak agortuta.
15:30ean, Euskal Inauteria Baserriz-Baserri, Meakako Adixkideak Dantza Taldea eta Egoipar Meaka Euskal Dantza Taldeen eskutik.
17:00etatik aurrera, Gazteria Arloaren eskutik, Gaztelekua – Puntal Eskolan, Inauterietako Mozorro Festa.
18:00etatik 24:00etara, Alde Zaharrean, “La 3” taldeak antolatuta, Peña Poteo txarangarekin animazioa, eta DJ Albaroren animazioarekin.

Otsailak 23, igandea: 10:30ean hasita, Inauterietako desfilea: Arma Plaza, Minasoroeta, Sabin Arana Goiri, Bernat Etxepare, Zuloaga eta San Pedro kaleak zeharkatuko dira.

Otsailak 23, igandea 19:00etan: Itsas Etxea Auditoriumean, Sun Magoaren ‘Liluraren laborategia’ ikuskizuna. Sarrera 4 eurotan.

Otsailak 24, astelehena: 19:30ean Udaletxeko Areto Nagusian, Inauterietako sarien banaketa.