Azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko da Irunen ere Euskaraldia. / Irungo Udala

Irun hiriak Euskaraldian parte hartuko du, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea dira sustatzaile orokorrak, eta 350 udalerritan baino gehiagotan egingo da. Irunen, gizarteko eragile ezberdinetako ordezkariek osatutako lantaldearen eta udalaren artean antolatzen ari dira. Izen-emate epea irailaren 20an hasiko da.

Mónica Martínez Euskara ordezkariak babesa eman dio ekimenari hiriko pertsonen eta entitateen aldetik erakutsitako interesa eta parte-hartzea eskertuz. “Irunen Euskaraldi bikaina izateko, guztiok euskararekin animatzeko, persona bakoitza bere ahalmenaren arabera, eta guztiok batera euskararen erabilpena bultzatzeko hiriaren egunez egunekoan, eta ez bakarrik egun horietan”.

Ariketa sozial bat izango da Euskaraldia, euskararen erabilera areagotzea helburu izango duena. Hamaika egun horietarako, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu beharko dute 16 urtetik gorako irundarrek.

Ahobizi: ulertzen duen orori euskaraz egingo dio, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.

Belarriprest: harekin euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko du, ulertu egiten baitu. Euskaraz edo erdaraz erantzun ahal izango du, baina euskaraz egin diezaioten nahiko du.

Soinean eramango duten txaparekin identifikatuta egongo dira Ahobiziak eta Belarriprestak. Norberak, bere inguruan, bere ohiko harreman sarean egingo du ariketa: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan… Hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea izango da helburua.

Txapak jaso eta Euskaraldian parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago. Irailaren 20an hasiko da izen-emate epea. Internet bidez egin ahal izango da, www.euskaraldia.eus web gunean. Paperean egiteko aukera ere egongo da, hiriko puntu ezberdinetan banatuko diren izen-emate orrien bidez eta HAZ/SAC bulegoan, kutxa batean entregatu ahal izango dira.