Melida, Briones eta Unanue. / Irungo EH Bildu

EH Bilduk, 2022ko udal aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu ditu, irundarron bizitzak hobetzeko helburuarekin. Lehenik eta behin, eta aurreko urteetako planteamenduan sakonduz, “Irungo deszentralizazioan jarri nahi dugu jomuga. Beti pentsatu izan dugu auzoek Irun egiten dutela, eta izaera propioa duten komunitateak diren heinean bertan bizitza sustatu behar dugula, eta horretarako, udal zerbitzuak ere behar dituztela. Honen harira, hiru auzo zehatzetan proiektu pilotoak jartzea proposatuko dugu. Proiektu honek hiru ardatz izango ditu: 1. SAC/HAZeko unitatea, 2. Ongizateko arloaren lehenengo leihatila, eta 3. CBArekin sarean funtzionatuko lukeen Kultur gune/ liburutegi bat. Lehenengo proiektu pilotu honentzat Landetxa, Anaka eta Elitxuko auzoak pentsatu ditugu, baina esan bezala, gure asmoa Irungo auzoetara zabaltzea da”.

Bigarrenik, “Udalaren enpresa publikoa den IRUNVI bidelagun izanik, aurreko urteetan gure taldeari esker sortu zen etxebizitza parke publikoa handitzea eskatzen dugu. Dagoeneko adostuta ditugun hainbat eremutako etxebizitzez gain, proposatzen dugu IRUNVIk bueltan jasoko dituen etxebizitzak erostea, aipatu etxebizitza parke publikoa haz dadin. Ondoren, etxebizitza hauek alokairu sozialean eskainiko lirateke Irunek daukan arazo larri honi irtenbide progresiboa eman ahal izateko”.

Euskararen arloan, “jauzi kualitatiboa ematea eskatzen diogu udal gobernuari. Horretarako, udal kontratu eta pleguetan euskara klausulak betetzen diren jarraipena areagotzea eta sistematizatzea proposatuko dugu, txosten teknikoen bitartez. Argi dugu, oraindik ere, udal zerbitzu asko euskaraz ez direla ematen, eta neurri honekin, herritar euskaldunoi bere eskubideak bermatuta edukitzea eskatzen dugu. Horretan bidelagun hainbat neurri jarri ahal izango dira, hala nola, langileen formazioa,… Era berean, konszienteak gara udal ordezkariak eredu izan behar dugula, eta hori dela eta, udal gobernuari agerraldi publikoetan zein eguneroko harremanetan euskara ere erabiltzea eskatuko diogu”.

Bukatzeko, “ondo dakigun bezala, trantsitoan dauden migranteekin Irun drama humanitarioa bizitzen ari da. Ulertzen dugu Irungo hiriarena ez dela ez eskuduntza zuzena ezta ardura osoarena ere, baina zinez uste dugu Irungo Udalak ezin diola arazo honi bizkarra eman. Argi dago gainerako administrazioek dituzten dispositiboek ez diotela errealitateari erantzuten, zeren ia gauero hainbat pertsona kalean geratzen baitira, eta behar-beharrezkoa da dispositibo hauetatik geratzen diren pertsona hauei erantzun bat ematea. Era berean, udalari eskatzen diogu kanpoan geratzen diren pertsona hauen profila eta kasuistikarekin txosten tekniko bat egin dezala, egoera honen jabe eskumena duten erakundeak egitea urgentea baita, inork ez duelako beste tragediarik bizi nahi”.