Panelak Jaizkibel mendian. / Hondarribiko Udala

Jaizkibel mendia eta bere biodibertsitatea zaintzeko erakusketa bat abian jarri da mendian bertan. Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkartearen aholkularitzarekin egin da ekimena.

“2011tik hona, Hondarribiko Udala Jaizkibelgo natura ondarearen jarraipena, kontserbazioa eta dibulgazioa bultzatzeko ekintzak ari da sustatzen”, dio Kalixa Silanesek, Ingurumen zinegotziak.

“Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesarekin, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen aholkularitzapean, bertako biodibertsitatearen aldeko hainbat proiektu jarri dira martxan Jaizkibelgo 250 hektareatan”.

“Kasu honetan, naturari inolako kalterik egiten ez dion erakusketa bat egin dugu mendian bertan, bertatik igarotzen diren guztiak ohar daitezen zer nolako tokian dauden, altxor baten aurrean gaudela, eta denon artean zaindu beharrekoa dela”, dio Silanesek.

“Udako hilabetetan Jaizkibel inguruan jende asko ikusten da, gehienbat itsaso aldera ematen duen aldean. Gehienek oso ongi zaintzen dute mendia eta sortzen dituzten zikinkeriak etxera eramaten dituzte, baina tamalez ez dira guztiak. Hori saihestea da erakusketa honen helburuetako bat”, amaitu du Silanesek.

Uztailaren 4 eta 11n bisita gidatuak egingo dira erakusketara, eguraldial laguntzen badu.