Jaizubia Zaldi Eskola.

Jaizubia Zaldi Eskolak Irunen hartuko du 2020ko Jauzien Gipuzkoako Txapelketa, otsailaren 6 eta 7an ospatuko dena. Irungo kirol taldeak antolatuko du, Gipuzkoako Hipika Federazioak eskatuta. Hitzordua urriaren 31n eta azaroaren 1ean zen egitekoa, baina atzeratu egin behar izan zen indarrean sartu ziren osasun neurri berriak zirela-eta.

Irunen 100 zaldizko inguruk parte hartuko dute asteburu horretako hitzorduan. Hauek, kluba bera ez ezik, Gipuzkoako beste taldeetatik etorriko dira. Baita Nafarroatik, baina hauek ez dute lurraldeko titulua lortzeko aukerarik izango. “Probak zorrotzak eta ikusgarriak izango dira, eta gure hirian kalitatezko zaldizkoak eta zaldiak izango ditugu”, adierazi du Xabier Berrotaranek, Jaizubiako kirol zuzendaria.

Probak Jaizubia Elkarte Hipikoaren pista nagusian egingo dira, 2018ko ekainean Gipuzkoako Jauzi Txapelketarekin eta Irungo Hiriaren XXXI. Sari Nagusia ‘Nagore Otaño Omenaldia’-rekin estreinatu zena. Gaur egun, 85×70 metro eta 6.000 metro karratuko neurriekin, Euskadiko pistarik handiena eta estatuko iparraldeko bigarrena da, Zamorakoaren atzetik.

Bi egunetako hitzordua 8.30k eta 9.00 ordu tarteetan hasiko da, eta altuera desberdineko jauziak izango dira: 0,50 metrotik 1,30 metrora. Parte-hartzaileak eta bertaratutakoak errazago iristeko, ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dira Txingudi Ikastolako aurreko zelaian eta Urdanibia jauregiaren inguruan.

Maite Gonzalez, Jaizubia Elkarte Hipikoko lehendakariordeak eskerrak eman nahi izan du “Gipuzkoako Hipika Federazioari gugan konfiantza izan dutelako txapelketa denontzat hain zaila den egoeran aurrera eramateko”.

Segurtasun-neurriak

Hauek dira Covid-19aren harira hartutako neurriak:

– Sartzeko bi ate egongo dira, tenperatura kontrolatzeko.
– Bertaratzen direnek NANarekin identifikatu beharko dute, eta harremanetarako telefono bat eman beharko dute.
– Barrutira sartzen direnei kolore bateko eskumuturrekoa emango zaie larunbaterako, eta beste kolore batekoa iganderako.
– Zaldientzako dutxen eremurako sarbidea mugatua izango da.
– Esparru osoan akreditatutako langileak egongo dira, distantziei eta maskarei dagokienez ezarritako segurtasun-neurriak betetzen direla kontrolatuz. Megafonien bidez etengabe gogoratuko dira segurtasun-neurriak.
– Eusko Jaurlaritzak alarma-egoeran emandako aginduaren arabera aldaketak egin ahal izango dira.