Javier Ugarte kalea. / Hondarribiko Udala

Pasa den urriaren erdialdean hasi ziren Javier Ugarte eta Santiago Konpostelako kaleak berriritartzeko lanak amaitu dira. Ia zortzi hilabete iraun duten lanek 1,26 milioi euroko aurrekontua izan dute. Horrela, hemendik aurrera Alde Zaharrerako trafiko sarrera eta irteera irekiko dira, baita Solbes aurreko gunea ere. Hala, San Pedro eta Santiago kaleetarako sarrera obra hasi aurretik zen bezala izango da, Santiago kaletik sartu eta San Pedrotik atera.

Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “jakin badakigu bizilagun, dendari eta erabiltzaileentzat eragozpenak eragin dituela proiektuak zortzi hilabete hauetan. Baina ezinbestekoak dira traba hauek halako proiektu handi bati ekiten zaionean. Lau fasetan banatu genuen proiektua, fase bakoitzak bere epeak bete ditu atzerapenik gabe eta iritsi gara obraren amaierara. Hiritarrei eskertu egin nahi diet izan duten pazientzia eta jarrera”.

“Ostegunean burutu zen Udalerria Batzordean gai hau jorratu genuen udaleko alderdi desberdinetako ordezkariekin, eta Alde Zaharreko trafikoaren analisia egin duen LEBER enpresarekin”, dio Sagarzazuk.

“Bertan hitz egin zen moduan, asmoa trafikoak orain arte duen zentzua mantentzea da, hau da, Javier Ugarte kaletik sartu, eskuinera egin Santiago Compostela kalera, eta handik aurrera egin gero irteera Juan Labordatik jaitsiz Javier Ugarte kalera iritsita”.

“Uztaileko lehen astean, bilera publiko batetara deituko ditugu Alde Zaharreko bizilagun, dendari eta hostalariak, baita interesa duen edonor ere, trafiko ikerketa aurkeztu eta gaiaren inguruan bere iritzia jakiteko. Alde Zaharreko trafikoaren eta egunerokotasunaren kontzeptuak bertan bizi diren edo lan egiten dutenekin batera landu nahi ditugu”, esan du Sagarzazu alkateak.