Ikuskizuna igandean izango da Itsas Etxean. / Hondarribiko Udala

Igande honetan, Kukai Dantza Taldeak “Gauekoak” ikuskizuna Hondarribian estreinatuko da. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Itsas Etxea Auditoriumean, eta sarrerak 15 eurotan saltzen dira ohiko bideetatik. 18 urtetik beherakoentzat sarrerak 8 eurotan salduko dira.

Proiektuaren jatorrizko ideia Jon Maya Seinena da, eta eszena zuzendaritzaren arduraduna aldiz, Mireia Gabilondo. Dantzaria Maya bera, eta zuzeneko musika Xabi Bandini eta Arkaitz Minerren eskutik dator.

“Gauekoak” proiektua Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren gogoeta personal eta intimo batetik sortzen da. Gaurtik, oraingo begietatik, barrura begiratzeko behar batetik sortutakoa. Eta horretarako, kide eta kuttun dituen sortzaile ugari bildu ditu proiektuaren inguruan; haien laguntzaz Mayak bere sormen prozesua erakusten digu.

“Gauekoak” proiektu berezia da. Dantzatik, musikatik, kantutik, marrazkietatik, literaturatik… Gauetik datorkigu Maya, Miner, Bandini hirukotearen batura, euren lengoaien artistikoen gurutzatzea, sortzaile bikainen ekarpenak… Gauak dakarren zurrunbilo misteriotsua da. Gutizia da.

Iluna jausi eta argiak amatatzen diren garai berean, arima batzuk piztu egiten dira. Idazten, kantatzen, dantzatzen duten pizti horiek dira, bizitza geratzen den garaian pizten direnak. Gauekoak dira. Pentsamendu eta gogoeta intimoenak biltzen dituen gauerokoa da ikuskizuna; ibilbide oso bati musika eta dantzaren bidez begirada bat eskainiko dion ikuskizuna. Isil-hizketa intimo, goxo eta pertsonala.