“Hasieran sustoa hartu eta denbora eskatu nuen pentsatzeko”

Gorka Álvarez, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria

0
3227

Gorka Álvarez Aranburu 33 urteko irundarra dugu. Politikaren mundua ondo ezagutzen du, Irungo EAJko kidea, Irungo EGIko lehendakari ohia… orain Urkullu lehendakariak Kanpoko Euskal Komunitatearentzat zuzendari berria izendatu du. Berarekin hitz egin dugu:

– Nola eman zizuten albistea eta nola jaso zenuen?
Egia esanda, sorpresa izan zen niretzako! Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia den Mariam Elorzak deitu zidan nirekin hitz egiteko, lehendik ezagutzen ginen, eta erronka hau proposatu zidan. Lehen momentuan “sustoa” hartu nuen eta denbora eskatu nion pentsatzeko, nire bikotekide eta familiarekin hitz egiteko ere, lan anonimotik lan publikora pasatzea aldaketa handia da eta ikara sortzen zidan. Oso lan polita denez eta aukerak ez direnez bi aldiz gertatzen, BAI esan nion!

– Zeintzuk dira zure eginbehar nagusiak?
Lehendakaritzako Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiaren barruan dagoen Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza kudeatu behar dut. Munduan diren euskaldunenganako hurbiltasuna bultzatzea dugu helburu. Horretarako, loturak ezartzen ditugu Kanpoan den Euskal Komunitatearekin, eta Euskadi ezagutzeko eta euskal gizartean parte hartzeko bideak irekitzen ditugu. Munduan diren euskal gizataldeekin (horietako asko Euskal Etxeetan biltzen direnak) lankidetza ekonomikoa, gizartearenganakoa, kulturakoa, hedabideetakoa, elkartasunekoa sustatuko dituzten programen bitartez egiten dugu.

– Bi hilabete karguan… lan asko eta bidai asko?
Ba bai! Baina kanpora atera baino lehen “etxea” osatu behar da. Bi hilabete hauetan Zuzendaritzan eginbeharrez informatzen eta ikasten egon naiz nire hausnarketa egiteko lantaldearekin Zuzendaritzaren etapa berri hau ondo hasteko. Montevideo, Buenos Aires, La Plata, Lavallol eta Parisen egon naiz jadanik eta Kuba, Mexiko, Espainia, Frantzia eta Estatu Batuetara joateko asmoa dut hurrengo hilabetetan.
Lan honetan jendearekin egiten da lan zuzenean eta haiekin harremanak eta ezagutzak estutzeko bertara joan behar zara.

– Zenbat Euskal Etxe daude momentu honetan munduan?
Euskal Komunitatea munduan zehar zabalduta dago baina ez dago antolatuta toki guztietan. Gaur egun 190 Euskal Etxe ditugu erregistratuak (23 Europa, 119 Hego eta Erdi Ameriketan eta 48 Ipar Ameriketan eta Asian). Baditugu gaur egun ere eskaera berriak Euskal Etxe berriak sortzeko.

– Euskal Etxe honetako batzuk bisitatu dituzu bi hilabete hauetan. Zeintzuk dira beraien beharrak eta zer eskatu dizute?
Haien beharrak eta eskaerak hainbat dira, batzuk posible ditugu gobernu bezala asetzea eta beste batzuk ez. Urteko dirulaguntza kopurua da beraien kezka nagusia baina baita ere euskara eta euskal kultura sustatzeko laguntza. Bestalde bitxikeri bat kontatuko dizuet ere: Buenos Airesen “Eusko Kultur Etxea” bisitatu nuen eta emakume nahiko heldu bat hurbildu zitzaidan guztiz emozionatuta: “Aizu! Irundarra zara ezta? Nik ere Irunen jaioa naiz baina txikitan aitarekin etorri ginen Argentinara eta gure Ama zena Irunen hil zen inoiz jakin gabe non lurperatu zutelarik. Hil baino lehen gustatuko litzaidake jakitea non dagoen lurperatuta”. Halako gauzak ere eskatzen dizkidate eta gustu handiz laguntzeko prest nago.

– Jendeak ez ditu Euskal Gobernuak mundu mailan dituen sare ezberdinak ezagutzen. Zer egin daiteke munduko Euskal Etxeek egiten duten lana ezagutzera emateko edota Kanpoko Euskal Komunitatearen errealitatea ezagutzera emateko?
Ez, ez ditu ezagutzen! Eta udaletxeek, Aldundiek edo Jaurlaritzak bertan dituzten sare eta zerbitzu ezberdinak ere ez ditugu ezagutzen, bakarrik behar ditugunean. Kuriosoa da! Kanpora ateratzen garenean beti Euskal Etxea non dagoen begiratzen dugu, ez da hala? Nire Zuzendaritzan baditugu hainbat baliabide lan hau ezagutarazteko: Basque Global Network, euskaletxeak.net, astero egiten dugun newsletter-a, Irekia… Baina Euskal Etxeek ere badituzte beraien hedabideak.

– Erronkaren bat datozen 4 urte hauetarako. Zer gustatuko litzaizuke lortzea Kanpoko Euskal Komunitateko zuzendari bezala?
Euskal gizartea “diasporizatzea” izango litzateke erronkarik garrantzitsuena, hau da, euskal gizarteak kontuan izatea kanpoan diren euskaldunak gure hizkuntza, kultura eta ohiturak mantentzen eta suspertzen dituztela ere beraien herrietan, esate baterako euskal diaspora tradizionala ezagutzea eta kontuan izatea. Baina badago beste erronka handiagorik! XXI. mendeko diaspora berria lokalizatu, aztertu eta haien beharrei erantzutearen erronka. Lana polita dut aurretik!