“Lumière electrique” kuadroa Normandiara bidaian

Irungo Udalak Dario de Regoyosen obra hau aldi baterako utzi du, Le Havreko André Malraux Arte Modernoaren Museoan ikusgai jartzeko

0
861

Irungo Udalak Dario de Regoyos (1857-1913) pintore asturiarraren “Lumière electrique” (Olio-pintura mihise gainean, 73 x 59,5 cm, 1901 urtekoa) margolana mailegatu du Normandia Inpresionista Jaialdiko “Summer in Le Havre” programaziorako. Erakusketa apirilean irekitzea aurreikusi zuten, baina Covid-19aren pandemiak eragindako osasun krisiak erakusketa atzeratzea eragin du, eta uztailaren 1etik azaroaren 1era egingo da, Frantzian.

Ez da lehenengo aldia koadro hori erakusketa baterako mailegatu dela.Azken aldia 2012 urtean izan zen. Urte horretan Dario Regoyosen lanak Bilboko Arte Ederren Museora bidaiatu zuen eta, ondoren, Madrilera eta Malagara, hiru hirien atzera begirako batean. Oraingo berritasuna da koadro honek lehen aldiz bidaiatu duela atzerrira, eta, gainera, 100 urte baino gehiagoko kultura-ondasun babestua denez, lekualdaketak Kultura Ministerioaren baimen berezia behar izan duela.

Argi elektrikoaren iritsiera

“Lumière electrique” Dario Regoyosen lan inpresionista ezagunetarikoa da. Margolana Udal pinakotekako parte da, eta argi elektrikoa Irunera nola iritsi zen irudikatzen du, atzean San Juan plaza eta Udaletxea dituen irudi baten bidez. Izan ere, XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartean, Bidasoan Vicente Berrueta edo Jose Salis bezalako artista garaikideekin bat eginez, Dario de Regoyosek denboraldi luzeak eman zituen Irunen, Euskal Herrian zehar hainbat herri zeharkatu zituenean.

Irun hiriarekin duen harremana handia denez, bere jaiotzaren 150. urteurrena ospatu zenean, 2008an, Amaia Kultur Guneak Dario de Regoyosen lanaren lagin antologikoa jarri zuen ikusgai. Bertan, bere lan asko egon ziren ikusgai eta horien artean hiriaren eguneroko bizimodua islatzen zuen lanak. Irunekin izan zuen harreman handiaren adierazle da, Artia auzoan bere izena duen kale bat izatea.