‘Maitasunaren itxiera’, larunbatean Itsas Etxean

Sarrerak 8 eurotan saltzen dira ohiko bideetatik, eta 4 eurotan 18 urtetik beherakoentzat

0
744

Larunbata honetan, arratsaldeko 19:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean ‘Maitasunaren itxiera’antzezlana ikus ahal izango da. Sarrerak 8 eurotan saltzen dira ohiko bideetatik, eta 4 eurotan 18 urtetik beherakoentzat.

Antzezlanean, Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoy-k pasioz eta gordintasunez eszenaratzen dute bikote baten haustura lazgarria. Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapena da Arriaga Antzokiak ekoiztutako lana.

Teatro Kamikaze taldearen La clausura del amor gaztelaniazko bertsioak ere arrakasta handia izan zuen. Oraingoan, Bilboko Arriaga Antzokiak euskaraz ekoiztu eta sustatu nahi izan du antzezlan hau, eta, gainera, Pascal Rambert bera da zuzendaria.

‘Maitasunaren itxiera’ lanean bikote baten elkarrizketa latza ikusiko dugu. Protagonisten bakarrizketa-trukeak hiltzen ari den maitasunaren bortizkeria adierazten du. Beldurra eta askapena nahastuko dira bikotearen elkarrizketa lazgarrian, gizon baten eta emakume baten arteko borroka suntsitzaile eta gupidagabean.

Intentsitatea, emozioa, pasioa, gordintasuna, mina… horiek dira ‘Maitasunaren itxiera’ obraren interpretazioa ondoen azaltzen duten hitzetako batzuk. Hizkuntza da garrantzitsuena, egoera batzuetan tortura fisikoa baino eraginkorragoa baita. Bi maitale aurrez aurre, hainbat urtez eraikitzaile eta suntsitzaile izan duten harremana betiko itxi nahian. Argudioak, kexak, gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatu egiten dira, pasioz eta erraietatik adierazten den hizkuntza zehatz, kirurgiko eta uholdezko baten bidez