Oiasso Erromatar Museoa. / Irungo Udala

Covid-19ak ekarritako osasun krisiak eta haren ondorioek funtsezko eragina izan dute Oiasso Erromatar Museoaren 2020ko balantzean. Izan ere, alarma egoeraren ondorioz, aurrez aurreko jarduna eten egin zen, eta, behin berriro jarri zenean martxan, museoaren funtzionamendua indarrean sartzen zihoazen araudien mende geratu zen, gaur arte.

Horrela, 2020an, guztira, 11.489 bisitari eta erabiltzaile izan zituen Oiasso Erromatar Museoak, aurreko urtean baino %64 gutxiago; itxialdiarengatik ez ezik, mugikortasunaren eta baimendutako edukieraren murrizketengatik. Hala ere, behin baimendu egin zirela, urte osorako aurreikusitako jarduera gehienak egin ahal izan ziren, unean uneko osasun arauetara egokituta. Gainera, museoaren webgunearen erabiltzaileen kopurua nabarmen handitu zen, %12, baita sare sozialen erabiltzaileena ere, online proposatutako jarduerei esker.

Juncal Eizaguirre ordezkariak adierazi duenez, “2020ko bisitarien datua eta aurrez aurreko jardunaren beherakada pandemia honek kultura sektorean izan duen eraginaren beste adierazgarri bat dira. Hala ere, lanean jarraitzen dugu, bizitzen ari garen egoera zailera egokitutako programazio bat eskaintzeko, kultura seguruaren alde egiteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuta”.

Museoak berak nabarmendu duenez, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa izan da Museoak 2020an antolatu duen jarduerarik arrakastatsuena. Kulturaren alde egiten jarraitzeko apustuaren esparruan, are gehiago osasun egoera zine aretoei kalte egiten ari zela, Irungo Udalak eta Oiasso Erromatar Museoak zegozkion segurtasun eta higiene neurri guztiak bete eta aurrez aurreko formatuari eusteko eta Amaia KZko ateak zabaltzeko lan egin zuten. Gainera, aretoko emanaldiez gain (ikus-entzuleen harrera oso ona izan zen), lehen aldiz, online bertsioa prestatu zuten, eta 500 ikaslek baino gehiagok beren ikastetxeetatik bertatik gozatu ahal izan zuten hezkuntza saileko filmez.

Lehenengo jarduerak

Etorkizunari begira, Oiasso Museoak hainbat jarduerarekin eta iazko emaitzak hobetzeko asmoarekin ekin dio 2021ari: hilaren 14an, ostegunarekin, 19:00etan, Arduraz komunikatu dezagun. Komunikabideok ere indarkeria matxistaren aurka dokumentala aurkeztuko da, Antxeta Irratiaren eskutik; hilaren 16an, berriz, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak “Bidasoko deportatuak” erakusketa jarriko du ikusgai; azkenik, hilaren 22an, ostiralarekin, 19:00etan, Musika Museoan programa itzuliko da, EIA Hirukotearen emanaldiarekin (egunean bertan banatuko dira sarrerak, eta eserlekuen banaketak distantzia fisikoa errespetatuko du). Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina edukiera mugatuko da, eta maskara erabili beharko da nahitaez.

Bestalde, Mertxe Tranche ikertzaileak dinamizatzen dituen literatur tertulietan lehena otsailaren 15ean izango da, astelehenarekin, 19:00etatik aurrera. Lehen saiorako aukeratutako obra El ladrón de tumbas da, Antonio Cabanasena, zeina datozen asteetan museoan bertan erosi ahalko den 10,00 euroan.

Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, museoan bertan edo 943 63 93 53 zenbakira deituta. Edukiera mugatuko da, maskara erabili beharko da nahitaez, eta eserlekuen banaketak distantzia fisikoa errespetatuko du.

El ladrón de tumbas lapurren seme eta biloba Shepsenuré eta beronen seme Nemenhat-en istorioa da: arriskuz betetako bizimodua izan zuten, antzinako Egipton egin zitekeen deliturik larrienetako batetik bizi baitziren, hilobiak arpilatzetik alegia.