“Muga”, poesia eta musika ikuskizuna larunbatean Itsas Etxean

Ekitaldia 19:00etan hasi da Itsas Etxea Auditoriumean

0
534

“Muga” izenburuko ikuskizun honetako poetek ibilbide poetiko ezberdin eta propioak garatu dituzte, nor bere ahotsarekin eta ageriko konplizitatearekin. Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik bere zeregin poetikoaren lagin bat bildu zuten 2016an kaleratu zen Muga antologia elebidunean (Gallo de Oro argitaletxearen eskutik).

Hala ere, proiektu honen sorburua lehenagotik dator. Idazle gisa egin duten eta egiten ari diren ibilbide oparoaz gain, kulturgile eta sustatzaile gisa dozena bat urtetik gora daramate poesiaren inguruan lanean, ekitaldiak antolatzen eta sustatzen: Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak Donostian (2008tik hona), Donostia Kulturarekin batera, eta Durangon, Durangoko Arte eta Historia Museoarekin batera (2008tik 2017ra).

Ekitaldi horietan hainbat alorretako poeta eta pentsalariek parte hartu dute, bai euskaraz idazten dutenak bai katalanez, galegoz edota gazteleraz idazten dutenak ere. Jardunaldien helburu nagusietako bat hizkuntzen arteko zubiak eraikitzea izan da (hortik “Muga” izenburuarena), eta, hitzaren bidez, espazio poetiko komun bat sortzea. Besteak beste, jardunaldi horietan bidaide izan dituzte Chantal Maillard, Francisco Jarauta, Víctor Gómez Pin, Manuel Cruz, Jorge Riechmann, Gabriel Insausti, Juan Carlos Mestre, Miguel Anxo Fernán-Vello, Olvido García, Joan Margarit, Jorge G. Aranguren, Anjel Lertxundi, Karmelo C. Iribarren, Juan Kruz Igerabide, Eva Veiga, Antonio Carvajal, Manuel Rivas, Antonio Hernández, Raquel Lanseros, Iñaki Urdanibia, Bernardo Atxaga…

Horrez gain, azken lau urteetan hitzaldi eta errezitaldi poetiko bat antolatu dute Chillida-Lekun, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostia Kulturarekin eta Chillida-Leku Fundazioarekin elkarlanean. Aipatu behar da, halaber, Donostiako jardunaldiak martxan jarri zituztenetik, lau poetek manifestu bat plazaratu duela ia urtero (http://pentsamenduarenpoesia.blogspot.com blogean jasota daude guztiak).

Hölderlinen garaietatik garai larriak bizi ditu poesiak, baina, hala ere, bizirik dago oraindik, aldatuz doa, eta gure ondarearen zati garrantzitsua da. Poeta unibertsalak ere eman ditu gure lurraldeak: Lizardi, Celaya, Lete, Artze, Atxaga… Hitzak, bere bidea eginez, berarekin darama poesia, erreka erdiko harkaitzak joz, eta, era berean, haiek bigunduz eta moldatuz. Poesia mundua moldatzen duen ura da, edo munduan bizi direnen azal eta hazpegiak itxuratzen dituen esku irekia, geure baitako iluntasuna arakatzen laguntzen digun zentzumena.

2017an pauso bat harago ematea erabaki zuten poetok, eta Balea Zuria argitaletxea sortu zuten, euskarazko poesia zabaltzeko. Argitaratu zuten lehen alean, hain zuzen ere, 2017an Chillida-Lekuko ekitaldian poetok eurok irakurri zituzten poemak biltzen dira, Chillidari gorazarre/Elogio a Chillida izenburupean. Horren ondotik etorri dira Poesia Saila (Luis Garde, Karlos Linazasoro, Itxaro Borda…), Sail Berezia (Patxi Ezkiaga, poeta emakumeen Lurra eta dardara antologia), Itzulpen Saila (Safo, Baudelaire) edota egile gazteei zuzendutako DK Poesia Lehiaketa. Iaz Xabier Leteren omenezko Urrats urratuak saiakera liburua kaleratu zuten, hainbat egileren saiakera labur bana biltzen duena.

Muga ikuskizuna horren guztiaren laburpena edo sintesia da, hitzari egindako omenaldia. Beste pauso bat orain arteko ibilbidean, poesia jendearengana hurbiltzeko. Ekimen berri honetan bi musikari dituzte lagun, Juan Ramon Unamuno gitarrarekin eta Jon Makuso biolinarekin. Horrez gain, beren ibilbide horretan konplize duten poeta bat ere gonbidatu dute Hondarribiko emanaldira, Itxaro Borda hain zuzen ere.