Maria Serrano, Euskara arloko zinegotzia. / Hondarribiko Udala

Gainean ditugu aurten ere Hondarribian Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen Neguko Jardunaldiak. Aurkezpena gaur burutu da, Maria Serrano Euskara zinegotziak eman duen prentsaurrekoan.

“Bere sorreratik Neguko Jardunaldiak euskarazko ekitaldiak indartzeko ekimena dira. Gaur egun zorionez esan dezakegu euskarak presentzia handia duela urte osoko ekitaldian, baina udaletik mantendu egin nahi ditugu azaroa eta abenduan egiten diren Neguko Jardunaldiak eta hortan gabiltza aurten ere”, esan du Serranok.

“Helburu nagusia hondarribiarrek aisialdian euskara erabiltzea da. Haur, gazte eta helduentzat, hainbat ekitaldi antolatzen ditugu Hondarribian”, esan du Serranok.

“Txiste Grafikoen Lehiaketa eta Bordari zein Satarka lehiaketetara aurkezteko epea datorren 15ean itxiko da. Kronologikoki, gero azaroaren 23an, Itsas Lur Elkartean bertso afaria egongo da Sustrai Colina eta Jon Martinekin. Arrakasta handia duen jarduera dugu hau, batez ere gazteen partehartzearekin. Hurrengo egunean, Kalean Kantuz egingo da San Pedro kalean”.

“Azaroaren 27an, Itsas Etxea Auditoriumean, ‘Elkarrizketa musikatuak’ izango dugu. Beste zenbait herritan ere egin da eta oso ongi atera izan da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin eta zenbait musikariren partehartzearekin, euskara sustatu abesti bat sortuko da egun horretan. Bi egun geroago, 29an Gaztedromoa ospatuko dugu Kasino Zaharrean”.

“Azaroaren 30ean Txiste Grafikoen Lehiaketako sari banaketa egingo dugu Kultur Etxean, eta asteburu horretan Blagan Elkartearekin elkarlanean ari gara Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta zerbait berezia antolatzeko. Izango dugu horren berri edukitzeko aukera”, gehitu du Serranok.

“Abenduan Bordari eta Satarka lehiaketetako sari banaketa eta Euskal Liburu eta Diska Azoka ere izango ditugu, Durangokoa amaitu eta segidan”.