Udalak Talaia Biteri ikastetxearen ondoko haur parkearen alboan landatu du intxaurrondoa. / Hondarribiko Udala

Udalak Talaia Biteri ikastetxearen ondoko haur parkearen alboan intxaurrondo berezi bat landatu du. Hala eman du aditzera Juan Luis Silanes Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak.

“Pasa den abenduaren 5ean Itsas Etxea Auditoriumean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘Amaren intxaurrak’ ikuskizuna eskaini zuten. Saioaren amaieran, Hondarribiko herriari intxaurrondo bat oparitu zioten, ikuskizunarekin lotura zuzena zeukana zabaltzen duten mezuari jarraiki. ‘Amaren intxaurrak’ ikuskizunaren sinopsiak hala dio. Pirritx eta Porrotx Marimototsekin elkartu dira parke magikoan. 3 urte dira Amatxo Loreto hil zenetik eta, egun hartan, intxaurrondo bat landatu zuten azken agurra emateko. Gaur, lehen intxaurrak janen dituzte eta, bitartean, Loretorekin bizi izandako abenturak kontatuko dizkigute. Lutoa pasatu dute eta pailazoak pozik daude. Izan ere, hartaz oroitzen diren bakoitzean, intxaur zaporeko irribarre bat marrazten da beren ezpainetan. Marimototsek gordeak dauzka parkeko landare eta lore magiko guztietako haziak, guztiak ere amak emanikoak. Gaur, egun aproposa da hazi horiek ereiteko. Mundu berri bat sortuko dugu!”.

“Hala, Udaletik intxaurrondo hau toki ikusgarri batean landatzea egoki ikusi genuen, eta haur parke honen inguruan egitea erabaki genuen. Oso erabilia da, eta asko dira bertatik igarotzen direnak. Eskerrak eman nahi dizkiet Pirritx, Porrotx eta Marimotots-i, eta intxaurrondoa ondo zainduko dugula hitz eman ere!”, amaitu du Silanesek.