Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea. / Hondarribiko Udala

Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea hiriko hainbat alorretako ordezkariekin bilduko da datozen egunetan, Udalak hartu dituen erabakien berri zuzenean jakinarazteko asmoz, eta beren kezkak eta proposamenak entzuteko helburuarekin. Lehen hitzordua bihar asteazkenez izango da, 16:00etan, gizarte alorreko elkarteekin hain zuzen ere.

“Konfinamendu garaian egin genituen hitzorduei jarraipen bat eman nahi diegu. Jakin badakigu oso egoera zailean gaudela, eta elkarrizketak ezinbestekoak direla uste dugu. Bihar bertan gizarte alorreko ordezkari batzuekin elkartuko gara, Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan Elkartea adibidez. Alkateaz gain, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ere egongo da”, dio Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak.

“Datorren astean hezkuntzaren alorreko ordezkariekin egon nahi dugu eta gero alor ekonomikoaren ordezkariekin arituko gara. Apirileko bileretan egin genuen moduan, orain ere bideo-konferentzia bidez egingo dugu”, gehitu du alkateak.