Gonzalo Carrion. / Hondarribiko Udala

Udalak mugikortasunarekin loturiko hobekuntzak egin ditu Bentako eremuan. Hala eman du aditzera Gonzalo Carrionek, inguruan egindako prentsaurrekoan.

“Bidasoa Ibilbidea eta Butroi pasealekua segurtasun handiagorekin lotzea izan da Udaletik egin dugun hobekuntza honen helburu nagusietako bat” dio Carrionek. “Gogoratu nahi dut, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planean argi eta garbi geratzen dela zeintzuk diren Udalarentzat lehentasunak: lehenik oinezkoa, gero bizikleta, jarraian garraio publikoa eta azkenik norberaren autoa. Zentzu horretan doa Bentan egin dugun hobekuntza”.

“Bidasoa Ibilbidetik etorrita, orain arte Butroi pasealekura pasatzeko, askotan ikusten genuen edonondik gurutzatzen zela, horrek zeukan arriskuarekin. Orain, ibilbidea bukatu eta segidan eskuinera eginda, zuzenean Butroi pasealekura iritsi ahal izango da. Segurtasuna areagotzeaz gain, gure ondarearen zati den ‘Mariñel’ itsasontzia lasaiago ikusteko aukera emango die oinez doazenei”, gaineratu du Carrionek.

“Lana Udal Brigadako langileek egin dute, eta eskerrak eman nahi dizkiet egindako esfortzuarengatik. Ingurua egoki geratzen dela iruditzen zait eta arriskuak gutxitu egingo dira. Hortarako, zaharkituta zeuden hainbat txintxorro kendu behar izan ditugu, aurrez epe bat ireki delarik”.

Zabor kontenedoreak tokiz aldatzea

“Hurrengo urratsa, sortu den bide berriaren aurrean inguruan dauden zabor kontenedoreak ordenatzea izango da. Orain Itsas Etxearen eta Portuko elizaren ondoan dauden kontenedoreak bertan bildu nahi ditugu, ingurua birrantolatzeko asmoarekin. Gipuzkoako Portu Zuzendaritzarekin bilera egin zain gaude, baimenekin aurrera egiteko”, amaitu du Carrionek.