Guztira 18.120 euro lortu ziren San Silbestre solidarioan. / Hondarribiko Udala

Sport Mundi Elkarteak azken San Silbestre solidarioan bildutako kopuruaren taloia eman dio Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundeari. 18.120 euro lortu ziren abenduak 31eko lasterketa solidarioan parte hartu zuten kirolariei esker. Manu Amunarriz eta Juanan García Sport Mundiko ordezkariek Fernando de la Hera Taupadak GKEko presidenteari eman diote taloia, Hondarribiko alkatea den Txomin Sagarzazuren aurrean.

Taupadak GKEko presidentea den Fernando de la Herak esan duenez, “jasotako diru laguntza hau ezinbestekoa da guretzat, Boliviako Amazonian garatzen ari garen proiektuan aurrera egiteko. Bertako Maniqui ibaian Chimán etniako komunitateak bizi duen egoera oso kezkagarria da. Proiektuarekin, edateko ura emango duten 50 putzu egingo dira”.

“Denetara 17 komunitate eta 514 familia izango dira onuradunak. Oso sakabanatuak bizi dira eta familia bakoitzak bere letrina eraikiko du putzuak osatzeko eta ura behar moduan edukitzeko, orain ez daukatena. Horrela, haurren heriotze tasari aurre egiten saiatuko gara, orain 1000 jaiotzetatik 200 hiltzen baitira denbora gutxian. Lotsagarria da hori”, gehitu du de la Herak.

“Eskerrak eman nahi dizkiogu Sport Mundiri eta lagundu duten guztiei. 18.120 euro laguntza ikaragarria da guretzat lanean jarraitzeko, bai ekonomikoki eta baita moralki ere. Eskerrak antolatzaile, babesle, laguntzaile eta nola ez, kirolariei ere”.