María Eugenia Iparragirre. / EAJ-PNV

María Eugenia Iparragirrek Irungo erdigunean dagoen trenbide eremuaren birmoldaketa martxan jartzeko protokoloa berriz ere aktibatzeko exijitu dio Iñigo de la Serna ministroari. Sustapen arloko arduradun nagusiak gaur Senatuan egin duen agerraldian, “aipatutako protokoloa duela sei urte sinatu zen eta, hortaz, berriz ere martxan jarri behar da”, gogorarazi dio bozeramaile jeltzaleak.

Herriaren erdigunean dagoeneko erabilgarri ez dagoen trenbide eremu handi hau berreskuratzea Gipuzkoako jarduera urbanistiko handienetako bat da, senatari irundarraren esanetan, eta ministroari jakinarazi dio “53 hektareako orban horren berreskurapena berriz ere aktibatzeko giltza Sustapen Ministerioak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak dute, hauek direlako orubearen jabeak”.

Hondarribiko aireportuaren inguruan, Iparragirrek informazioa eskatu dio ministroari, “zehaztasun osoz jakinarazi dezan nolako ondorioak izango dituen Europako segurtasun arautegira egokitzeak, aireportuaren etorkizuna aurreikusi ahal izateko. Azpiegitura hau klabea da; bertako lanpostuak mantentzea edo gehitzea klabea da”, iritzi dio.