Udal Liburutegiak zenbait ekitaldi proposatu ditu datozen asteetarako

Txokoetan topatuko ditugun artistak hauek dira: Judas Arrieta, Telmo Basterretxea, Maite Caballero, Sandra Cuesta, Rosa Gomez, Urtzi Ibarguen, Ainara Oskoz, Menina tailerra eta Santamariamadalena tailerra

0
573

Hondarribiko Udal Liburutegiak zenbait ekitaldi antolatu ditu datozen asteei begira. Hala eman du aditzera Kalixa Silanesek, Kultura zinegotziak. “Denok dakigu liburutegietan dagoen fondo mota adina erabiltzaileak daudela. Erabiltzaileek zer topatzen duten liburutegietan ez da gehienetan erraza azaltzen edota ikusten. Baina Hondarribiko liburutegian saiatuko gara. Eta helburu horrekin, maiatzean hasi eta ekainean jarraipena izango duen, ‘Liburutegia sormen iturri’ programa aurkezten dugu”.

“Gure erabiltzaileak diren hainbat sortzaileekin harremanetan jarri gara. Eskatu diegu beraien lanen bat liburutegian jartzeko, eta gure fondoan (aldizkariak, liburuak, CDak, DVDak…) aukeraketa bat egin behar izan dute beraien obran eragina izan dutena elkarren ondoan jartzeko, txoko bat sortuz. Hori ondo ulertzeko bakoitzaren azalpena bideo laburretan jaso dugu, horiek QR bidez eskuragarri daude”, gehitu du Silanesek.

Txokoetan topatuko ditugun artistak hauek dira: Judas Arrieta, Telmo Basterretxea, Maite Caballero, Sandra Cuesta, Rosa Gomez, Urtzi Ibarguen, Ainara Oskoz, Menina tailerra eta Santamariamadalena tailerra.

Zenbait jarduera

Maiatzaren 19an, 19:00etan, sortzaileen dokumental hauek eskainiko ditugu: Telmo Basterretxea-ren “La persona que más admiro” (Showing Film Adwards, 2016), Maite Caballero-ren “Cuéntame mas sobre tu trabajo” (Genis Rigol-ekin batera, Residencias Irudika, 2019), Sandra Cuesta-ren “Vecinos, bandurrias & güateques” (Larraitz Torres-ekin batera, 2009) eta Ane Muñoz-en “Basurdea” (2002).

Maiatzaren 21ean, 18:30ean, gazteei zuzendutako Rap tailerra eskeiniko da Andoni Olaetxea-k (Pelax taldea) gidatuta.

Maiatzaren 28an, 18:00etan, Hondarribiko Alde Zaharrean dauden artelan obrak ezagutzeko bisita gidatua.

Ekitaldi hauetan parte hartzeko izena ematea gomendatzen da.