Udalak enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak deitu ditu

Atzo bertan argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdiaren oinarrian, eta jadanik hilabete bateko epea irekita dago BAZen, maiatzak 26 arte

0
613

Hondarribiko Udalak ekintzailetzaren sustapena, eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko dirulaguntzen deialdia burutuko du. Hala eman du aditzera prentsaurrekoan Maria Serranok, Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

Atzo bertan argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean deialdiaren oinarrian, eta jadanik hilabete bateko epea irekita dago BAZen, maiatzak 26 arte. www.hondarribia.eus gunean dago izena emateko aukera.

“Hondarribia Abian planaren barnean dagoen ekimen bat da” esan du Serrano zinegotziak. “Plan honen bitartez, Hondarribiaren garapen sozioekonomikoa indartu nahi da. Hori dela eta, pertsonen enplegagarritasunaren hobekuntzan, enpresen sorkuntzari babesa ematean, lehiakortasunaren hobekuntzan eta bertako proiektu estrategikoen sustapenean lanean dihardugu”.

“Oso jakitun gara krisi egoera nolakoa den. Dirulaguntza hauek bizi garen egoerarekin lotuta daude eta ez dira lehenak, ezta azkenak izango ere”.

Bi lerro desberdin

“Ekimenak bi helburu dauzka: batetik, ekintzailetza proiektuei sostengua ematea, eta bestetik, enpresei bere lehiakortasuna hobetzeko sostengua ematea”, gehitu du Serranok.

“Hirugarren urtez ateratzen ditugu laguntza hauek. Iazko kopuru igoera mantentzen dugu, orotara 60.000 eurokoa izango delarik, dirulaguntzen lehen lerroari 25.000 euro bideratuko zaizkiolarik eta bigarrenari 35.000. Enpresen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak dira, baita 2020an egindako obren inguruko dirulaguntzak ere. Gainera Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuek salbuespen bat izango dute. Udalaren helburua gune historikoari bultzada ematea da eta hala, ekintzailetzako laguntzak handiagoak izango dira kasu honetan. Deialdi hau urtero egiteko asmoa du Udalak, beti ere aurreko urteko gastuei erantzun ahal izateko”, amaitu du Serranok.