Euskal dantzen inguruko jarduera ugari egongo dira. / Hondarribiko Udala

Datorren aste osoan zehar eta hamairugarren urtez jarraian, Hondarribia Dantzan ospatuko da. Aurkezpena gaur burutu da udaletxean, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Mikel Button, Kemen Dantza Taldeko ordezkaria.

Euskal dantzen inguruko jarduera ugari egongo dira, dantza ikuskizunak, erromeria, kalejira, Dantza pelikularen emankizuna eta mahaingurua… Hondarribiko Udaleko Kultura Departamentuak antolatzen du Kemen Dantza Taldearen laguntzarekin.

“Oso eskaintza aberatsa izango dugu Hondarribian kultura aldetik, gainera gure herriko kulturaren adierazpide diren euskal dantzekin, eta XXI. mendera egokituak. Eskerrak eman nahi dizkio Kemen Dantza Taldeari Udalarekin daukan lankidetza oso egokia baita, bere fruituak ematen dituena”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak.

“Maiatzaren 20tik 26ra izango da. Gure helburu nagusienetako bat bailaran hainbat ekintza kultural sustatzea izanik, Hondarribia dantzan ere ildo horren barnean kokatzen dugu. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalketaren alde lan egin ahal izateko bidea ere bada”, esan du Mikel Buttonek.

Dantza, Esnal eta Urbeltzekin

“Iaz egin bezala, plazako dantzen ikastaro irekia egingo dugu astelehenetik asteazkenera 19:00etatik 20:00etara Kultur Etxean. Aurtengo edizioan garrantzi berezia eman nahi diogu ikastaro honi, eta aparteko lanketa komunikatiboa egingo dugu hau indartze aldera. Kartel propioa izango du eta doan izango bada ere izen ematea eskatuko dugu, 686 87 22 07 zenbakian edo ikastaroak@kemendt.com postan”.

Osteguna 23an, 19:00etan, Telmo Esnal eta Juan Antonio Urbeltz egongo dira Itsas Etxean, Dantza pelikularen proiekzio eta mahainguruan.

Ostirala 24an 20:00etan erromeria izango dugu. Kemen-eko musikarien doinuekin, plazako dantzekin girotuko da Santa Maria Madalena plazan.

Larunbata 25ean, 11:00etatik Hondarribiko kaleetan zehar kalejiran ariko dira aurten etorriko dira taldeak, Markina Xemeingo Zerutxu Dantza Taldea eta Barkox-eko Dantza Taldea.

Igandea 26an Adaxkak (Kemen-eko haurren dantza taldea) Arma Plazan dantza agerketa burutuko du. Aurretik 11:00etatik Santa Maria Madalena plazatik aterako dira.