Maialen Oiartzun (e), Unai Oiartzun, Monica Martinez eta Iban Eguzkitza. / Irungo Udala

Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian ikerketaren inguruko parte-hartze saio irekia antolatu dute Maialen eta Unai Oiartzun 2018ko Jose Antonio Loidi bekaren onuradunek, Irungo Udaleko Euskara arloaren eskutik. Urriaren 8an izango da, 19:00ean CBAko Loidi aretoan. Azterlanak utzitako hainbat datu esanguratsu aurkeztuko dituzte Oiartzun anai-arrebek, parte-hartzaileei hitza eman aurretik.

Datuek iradokitzen dutenaren, euskarazko irakurzaletasunaren edo berau sustatzeko proposamenen inguruko ekarpenak biltzea da saioaren helburua. “Egindako lana elkarbanatu nahi genuke, interesa duen edonoren iritzi, hausnarketa edo proposamenekin aberasteko”, azaldu dute bekadunek.

Liburutegiko funtsari, maileguei, jarduerei eta erabiltzaileen profilari buruzko datu kuantitatiboak bildu eta landu dituzte Maialen eta Unai Oiartzunek, zeharkako informazio-iturrien bidez lortutako bestelako datuekin batera. Ikerketaren alde kualitatiboari dagokionez, elkarrizketak egin dituzte, eta herritarren ekarpenak ere kontuan hartu nahi lituzkete. Horretarako, urriaren 8ko saioan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.