Alde Zaharreko argazki zaharren erakusketaren balantze positiboa egin du udal gobernuak. / Hondarribiko Udala

Alde Zaharreko argazki zaharren erakusketa historikoa arrakastaz amaitu da. Arma Plazako eraikineko bigarren solairuan dagoen erakusketa urriaren 24tik azaroaren 13a arte ikusgai egon da. Berriz, Alde Zaharreko kaleetan dauden panel eta argazkiak abenduaren 11ra arte erakusgai egongo dira.

“Barneko erakusketatik hiru astetan 747 pertsona pasa dira”, dio Kalixa Silanesek, Kultura zinegotzia eta Arma Plaza Fundazioko presidente-ordeak, “eta horri kanpoan egon den eta dagoen erakusketatik pasa direnak batu behar zaizkie. Argazki horiek, Arma Plazan, Parrokiaren inguruetan, Apezpiku plazan eta Kasino Zaharreko lorategietan daude”.

“Argazkiak uzterakoan hiritarren partehartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. 20 izan dira argazkiak utzi dizkiguten hondarribiarrak. Orain, Hondarribiak daukan argazki historikoen bilduma aberatsaren zati izango dira”, gehitu du Silanesek. “Ezagutu zure Hiria programaz baliatu gara erakusketa nola egin den azaltzeko. Hala, hitzaldian eta bisita gidatuan 140 hondarribiarrek hartu zuten parte”.

“Berriz ere eskertu nahi nieke Arma Plaza Fundazioarekin parte hartu duten laguntzaile guztiei bere lana. Bereziki, Mikel Jauregi, Javier Sagarzazu, José Mari López, Floren Portu eta Matias Guilló-ri, lan bikaina egin dute eta argazkiak jaso, klasifikatu eta eskainiz”.