Euskara arloko ordezkaria den Monica Martinez. / Irungo Udala

Euskararen praktika zabaltzeko lan ildoaren barruan, Irungo Udalak Kalean Bai programa du martxan. Ia 15 urte ondoren, 80 erakunde inguruk bat egin dute hirian haur eta gazteentzat antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerak euskalduntzeko ekimenarekin.

“Euskararen erabilera indartzeko ahalegin hori elkarteak barne funtzionamenduan herriari begira antolatzen diren jardueretan, elkarren arteko harremanetan eta erakunde publikoekin dituzten harremanetara dago bideratua. Horretarako, elkarteekin hitzarmenak sinatzen dira”, adierazi du Monica Martinez ordezkariak. Hizkuntza konpromisoen hitzarmena sinatzea bitartekoa da elkartek euskararen aldeko urrats progresiboak emateko.

Irungo Udalak 2006an abiatu zuen programa eta batuko diren kide berriekin 76 dira Kalean Bai programara atxikita dauden elkarteak, (horietatik 38k dute euren jardunean euskararen erabilera sustatzeko neurri desberdinak hartuz hitzarmen espezifikoa sinatuta eta gainerakoak hitzarmen orokorretara atxikituta daude).

Elkarteak interesa agertzen duenean, Euskara Arloarekin akordioa sinatzen da atxikimendua gauzatzeko eta koordinazioan lan egiteari hasiera ematen zaio. Euskara Arloak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola, jarduerak euskaraz egiteko bideratze-lana edo itzulpen zerbitzua. Padel Indoor Bidasoa eta Irun Fundazioa 1522 izan dira azken atxikimenduak.