Mintzalaguna eta Elkarrizketariak programen aurkezpena

Euskerako ordezkariak, Josune Gomézek, udal euskaltegiko zuzendaria den Joxemi Aranbururekin, Herri Jakintzako zuzendaria den Gemma Urtizberearekin, AEK-ko zuzendaria den Idurre Lakuonarekin eta Normalizazioko zuzendaria den David Izagarekin, Mintzalaguna eta Elkarrizketariak, programen edizio berria aurkeztu dute.

Mintzalaguna egitasmoaren kasuan, 5-6 laguneko taldeak izaten dira; hau da, euskal hiztuna den lagun bat, taldea dinamizatzen duena eta gainerakoak, euskera praktikatu nahi dutenak, euskeraz aritu. Astean behin biltzen dira.

“Helburu nagusia euskaraz hitz egitea da, beraiek erabakitako tokian eta orduan biltzen dira ikasturtean zehar gainera. Zerbait hartu, paseo bat eman, edozein ekintza egiten dute, baina beti euskaraz eta giro onean”, aipatu du Euskerako ordezkariak.

Elkarrizketariak ere euskeraz praktikatzeko egitasmoa da, baina oraindik maila apalagoa dutenentzat, hasiera-hasieratik euskeraz aritzeko aukera izateko. Egitasmo honen bidez, parte hartzaileak hamabostean behin biltzen dira, mintzamen saioak eta tailerrak euskeraz egiteko helburuarekin. Horretarako, dinamizatzaile talde bat izaten dute.

Askorentzat, lagun euskaldunak egiteko modua ere bada, taldetik kanpo ere euskeraz bizitzeko aukera zabaltzen dute. Adin guztietako jendea biltzen da taldeetan.

Ekintza hauen harira, egitasmoen barruan, irteerak ere antolatzen dira, baita ikastaro/tailerrak ere (sukaldaritza, argazkilaritza etab.), ekintza kulturalak, eta afariak bezalakoak. Izena emateko epea urriaren 10etik 21era www.irun.org/euskara atarian.