“Mujeres de Sepúlveda” koadroa, Estoniara

Irungo Udalak aldi baterako lagako du Ignacio Zuloagaren artelan hori, zeina udaletxeko areto nagusian egon ohi den ikusgai

0
623

Irungo Udalak maileguz emango du “Mujeres de Sepúlveda” koadroa (1909), Ignacio Zuloaga pintore eibartarrarena (1870-1945), “Zuloaga. Espainiako espiritua” erakusketarako, zeina 2021eko apirilaren 9tik irailaren 5era bitartean Mikkel Museum Estoniako Arte Museoan egingo den, Tallinnen.

Koadro hori lehenago ere mailegatu da erakusketa baterako; azken aldiz, 2017an, Mapfre Fundazioak Madrilen egin zuen erakusketa baterako. Berriki, Granadako Arte Ederren Museoan ere egon zen ikusgai, Karlos V.aren jauregian, Alhambran, pintore gipuzkoarrari eta Manuel de Fallari buruzko erakusketa baten barruan.

Irungo herriari eskainia

Ignacio Zuloaga hiri paisaiaz interesatu zen, etxe pitzatu zaharrez, eraikin herrikoiez eta urteen eta historiaren poderioz higatutako harlanduzko fatxada nobleez. Hasiera batean, baina, paisaia hori bigarren mailan jarri zuen, koadroen atzealdean. Mujeres de Sepúlveda koadroan, figurek berek begiratzen diote Erdi Aroko herri bati, amildegiz eta muinoz osatutako paisaia lakar baten gainean pilatutako bide oker eta etxeei. Oihalaren ertz batean irakur daitekeenez, Zuloagak Irungo herriari eskaini zion koadroa.