Dena prest Hondarribian. / Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea

Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak Greziako errefuxiatuei laguntzeko antolatutako ekintzak azken txanpan sartu dira.

Madalen plazan mural erraldoia

Judas Arrieta artistak koordinatuta, 2,5 x 5 metroko mural erraldoia sortuko dute elkarlanean. Murala ostiralean margotuko dute, bi saiotan. 16:00etatik 20:00etara, haurrek fondoa margotuko dute, eta 21:00etatik aurrera, lau orduz, helduek. Iluntzetik aurrera jarduera are bereziagoa bilakatuko da, DJak musika jartzen ariko direlako eta proiekzioen laguntzarekin margotuko dutelako. Eta larunbatean murala suntsituko dute, 8:00etatik 14:00etara. 800 puskatan zerratuko dute, eta bakoitza euro batean saldu. 11:00etatik aurrera zuzeneko musika izango da, kaleko musikarien formatuarekin.

“Artearen bitartez errefuxiatuen dramaren inguruan hausnartu nahi dugu, eta Grezian gertatzen ari dena irudikatzen saiatuko gara. Herritarrek parte hartzea eta esperientzia horren zati bat etxera eramatea da helburua, eta, aldi berean, Greziako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren pertsonei laguntzea”, adierazi du Judas Arrietak.

San Pedro kalean zozketa

Urte erdiko lanari amaiera emango dio larunbatean San Pedro kalean egingo duten zozketa erraldoiak. Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak 386 opari zozketatuko ditu, denak herriko profesionalen eskutik jasotakoak: dendak, tabernak, gimnasioak, artistak, idazkeak… Sei hilabete eman dituzte opariak biltzen, eta 17.345 txartel saldu dituzte euro batean, herritar bakoitzeko bana. Diru horrekin, udalak emandako laguntzarekin eta beste dohaintza batzuekin, errefuxiatuen aldeko proiektu bat abiatuko dute.

Zozketa larunbatean egingo da, San Pedro kaleko Azeri Elkartearen parean, 9:00etatik 13:30era, herritarren aurrean. Kutxa batean 17.345 txartelen ordainagiriak sartuko dituzte, eta beste kutxa batzuetan, 386 oparienak. Hamar boluntario inguru izango dira zozketa koordinatzen eta, gutxi gorabehera, minutu erdiro opari bat aterako dute. Bakoitzak ardura bat izango du, txartel zenbakiak ateratzea batek, oparienak beste batek, txartel sariduna eta opariarena grapatzea, zerrenda bete, datu-basea osatu… eta dinamizatzaile lanak egingo dituena, zozketan parte hartu nahi duten herritarrei egiten lagunduko diena.

Opariak jasotzeko hilabeteko epea izango da, hilaren 25etik hasita, maiatzaren 26ra arte, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Hiru erakusketa batera

Gaur Sardara tabernan erakusketa irekiko da, dohaintzekin jartzen den hirugarrena. Bertan, batez ere argazkiak jarriko dira, baina margoren bat ere. Hiru erakusketak igandera arte bisitatu ahal izango dira. Sardarakoa eta Route 33koa, ohiko ordutegian. Otzazkikoa, lanegunetan arratsaldez, larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igandean goizez.

Bazkaria, Ardoran

Eta, larunbatean ere, bazkari solidarioa izango da Ardora jatetxean, 350 lagunentzat. Hasiera batean esan zenaren kontra, oraindik badira txartelak, 35 euroan helduenak, 15 euroan haurrenak. Ardoran bertan eros daitezke (943 64 24 61). Jatetxeko hormetan Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearen lana adierazten duten argazkiak jarriko dira eta, bazkalostean, Desekilibrados taldearen El club de los mentirosos antzezlana izango da.