Josebe Araña, Miren Echeveste eta Itsaso Baquedano. / Irungo Udala

Miren Echeveste Euskarako ordezkariak, Josebe Araña Euskarako teknikaria eta Itsaso Baquedano Hezten enpresako arduradunak uda honetan arloak abian jarri dituen programen balantzea egin nahi izan dute gaur goizean. “Pandemiak eragindako murrizketak direla eta, bi uda zail igaro dira, eta benetako plazera izan da Solas Jolas udalekuak eta Udagiroko tailerrak normaltasun osoz eskaintzea. Tokiak bete egin dira, txangoez gozatu dute, gure lurraldeko beste leku batzuk erakutsi zaizkie Irungo haurrei, eta, arloan, sentitu dugu oso harrera bikaina izan dela”, nabarmendu du Echeveste andreak.

Gurasoekin egindako informazio-bilera euskara hutsean egin zen, aldi bereko itzulpen-zerbitzuarekin, nahiz eta gehienek ez zuten zerbitzua behar izan, eta oso ondo atera zen. Halaber, Euskara arloa eta Hezten taldea, Solas Jolas antolatzeko kontratatutako enpresa, uda osoan aritu dira elkarlanean, eta pozik daude lan honen emaitzarekin. Euskara Arloak eskerrak eman nahi dizkie Hezten-eko (lehen Urtxintxa) zuzendari, koordinatzaile eta monitore guztiei.

Aurten, pandemiaren aurretik bezala, txanda bakoitzekoek hainbat irteera egin dituzte (hiru txanda bakoitzean, pandemiaren aurreko zifra berreskuratuz), eta txangoen balorazioa oso ona izan da, oro har. Hernaniko igerilekuak, kayak jarduera Donostiako badian, paddle surfa Hondarribian edo Aiako Iturraran parketxea izan dira, besteak beste, jardueretako batzuk. Gerora begira, Euskara arloa dagoeneko ari da 2023ko Solas Jolas prestatzen, eta lanean ari da Irungo haurrei ahalik eta udaleku onenak eskaintzeko.

Hain zuzen, ordezkariaren hitzetan, “datorren urterako eskaintza zabaldu egingo dugu, behar bereziak dituzten haurrentzako ere prestatua, eta inkesta bat ere egin dugu, jangela- edo haurtzaindegi-zerbitzu batek, haurrek janaria etxetik eramanda, nolako harrera izango lukeen jakiteko. Nolanahi ere, azken kontsulta horren emaitzak baloratu eta kontuan hartuko dira gerora begira”. Azken puntu horretan, adierazi dute hasiera batean akats txiki bat gertatu zela inkesta egitean baina berehala konpondu zela.

Udagiro eta errefortzu-ikastaroak

Udagiro eta euskarako errefortzu-eskolak izan ziren udako beste bi proiektu nagusiak. Alde batetik, Udagiro beste herrialde edo erkidego batzuetatik heldu diren eta hirira berriki iritsi diren gazteei zuzenduta dago, jarduera ludiko eta dibertigarrien bidez euskara gehiago erabil dezaten.

Irungo Udaleko Euskara arloak hiriko ikastetxeen laguntzarekin antolatutako programa horren bidez, udan jarraipena eman nahi zaio Irungo ikastetxeetan euskararen inguruan egiten den ahaleginari, horrela ikasle horiek euskara gehiago erabili eta jarrera hobe dezaten. Programa hori 2007az geroztik antolatzen da, eta harrera ona izan du ikasleen aldetik eta baita ikastetxe eta institutuetako irakasleen aldetik ere. Ekimen horretan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako maila guztietako ikasleek parte hartzen dute. Aurtengo udan, toki guztiak bete dira: 6 talde, 3 uztailean eta 3 abuztuan.

Euskarako errefortzu-eskolen programari dagokionez, 2020. urtean jarri zen abian, urte horretan ikastetxeetako eskola presentzialak eten egin baitziren, kutsadurak saihesteko. Aurtengo udan 10 talde osatu dira: 3 uztaileko eta abuztuko lehen hamabostaldian, beste 3 uztaileko bigarren hamabostaldian eta talde bakarra abuztuaren bigarrenean.