Garoa Lekuona. / Hondarribiko EH Bildu

Hondarribiko EH BILDUren mahai politikoak, Muaran egindako herri batzarrean, hurrengo udal hauteskundetarako proposatzen duen hautagaia aurkeztu du. Garoa Lekuona Izeta da Hondarribiko mahai politikoak proposatzen duen hautagaia.

Garoa Lekuona Izeta Zuzenbidean Lizentziatua (EHU Donostia, 2001), Enpresa Kudeaketako eta Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterren tituluak ditu. Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko Berrikuntza Teknikaria izan da azken 12 urteetan. Azken lan honetan mugikortasun jasangarria, erregai alternatiboak, logistika 4.0 edota hirietako salgaien banaketako lantaldeak kudeatu ditu; Euskadi, Estatu zein Europa mailako berrikuntza proiektuak kudeatu ditu, sektoreko prospekzio lanak burutzearekin batera. Frantsesez eta ingelesez ere moldatzen da eta 2 haurren ama da. Lan profesionalaz gain, hondarribitarra izanik, eta hogei urterekin txibilito bat jotzea erabaki zuen ezkero, Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiari lotuta eman ditu berdintasunaren aldeko pausoak. Aipatzeko, 2006-2008 bitartean konpainiaren kapitaina izan zen.

Behin proposamena eginda otsailaren 2, 3 eta 4an burutuko den barne bozketan onartu beharko dute kideek mahai politikoak proposatutako hautagaia

Hondarribiko EH BILDU zerrenda prestatzeko lanean ere badabil, eta behin barne prozesua bukatuta aurkezpen publikoa egingo du aurki.