Miguel Angel Paez, Ogasun zinegotzia. / Irungo Udala

Urriaren 29tik aurrera, hiriko merkataritza eta ostalaritza sektorea suspertzeko ekimenaren bigarren edizioan, Irun Aurrera bonuak truka daitezke. 150.000 euroko aurrekontua jarrita, hamarna euroko 15.000 bonu sortu dira, irundarrek kanpainari atxiki zaizkion hiriko saltoki txikietan eta ostalaritzako establezimenduetan erabil ditzaten.

Guztira, 168 establezimendu atxiki zaizkio kanpainari, lehenengo edizioan baino 35 gehiago: 145 saltoki eta ostalaritzako 23 establezimendu -udal webgunean kontsultatu daiteke zerrenda-. Saltokien artean, 46k lehen aldiz eman dute izena, baina aurreko edizioan parte hartu zuten hamahiruk ez dute eman izena; ostalaritzako establezimenduen artean, berriz, lauk (Casino Gastrotekak, Aiak, Bakarrek eta Ekialdek) lehen aldiz eman dute izena, eta aurreko edizioan parte hartu zuten bik ez dute eman izena.

“Udan Irun Aurrera bonuen lehen edizioa egin genuenean bezala, gure saltokiei laguntzeko unea da”, azpimarratu du Juncal Eizaguirre ordezkariak. Ostegunean jarri zen martxan kanpaina, eta, ordezkariak nabarmendu duenez, lehenengo egunean 1.096 txartel trukatu ziren, Irungo 96 saltokitan.

Nork erabili ahal izango ditu bonu horiek?

Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoentzat daude eskuragarri, baldintza hauetan:

– Irundar bakoitzak 10 bonu erabiltzeko eskubidea izango du, horietako bi gehienez establezimendu bakoitzeko.
– Erabilitako bonu bakoitzeko, saltokian 30 euro erosi beharko dira gutxienez; horrela, bonuaren 10 euroez gain, bezeroak 20 euro emango ditu; ostalaritzarako, bonu bakoitzeko erosketa minimoa 20 euro izango da; kasu horretan, bezeroak 10 euroko ekarpena egingo luke bere poltsikotik.
– Ezin da pertsona baten baino gehiagoren bonorik erabili erosketa bera ordaintzeko. Hau da, erosketa-txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du.
– Ekimen honetatik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.

Bonuen trukea urriaren 29an hasiko da eta abenduaren 4ra arte iraungo du. Kanpainari atxikitako establezimendu bakoitzak bereizgarri bat izango du, bere lokalean jar dezan eta kanpainan parte hartzen duela ikus dadin. Lehen edizioan bezala, hiriko denda eta ostalaritza-establezimendu txiki guztiak batu ahal izango dira, 400 m2-tik gorako elikagaiak eta edariak saltzen dituzten lokalak, gasolindegiak, estankoak, enpresa handien filialak edo estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresak izan ezik.

Lehenengo edizioko bonuak sustatzeko ildoari jarraituz, web-aplikazio bat gehitu da entrega berri honetarako, ekimenari zein denda atxiki zaizkion kontsultatzeko eta informazio interesgarria eskuratzeko. Halaber, udaberriko konfinamenduan hasi zen “Tokiko merkataritza bultzatzeko” kanpainan Irungo zein dendak izena eman zuen ere ikusi ahal izango da, etxez etxeko zerbitzua edo lokalean jasotzea zein dendak eskaintzen duen kontsultatzeko.