Serrano eta Sagarzazu. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udalak ekintzailetzaren sustapena, eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko dirulaguntzen deialdia burutuko du. Hala eman dute aditzera prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Maria Serranok, Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

Datorren astean oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean izena emateko aukera egongo da BAZen eta www.hondarribia.eus gunean.

“Hondarribia Abian planaren barnean dagoen ekimen bat da” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Plan honen bitartez, Hondarribiaren garapen sozioekonomikoa indartu nahi da. Hori dela eta, pertsonen enplegagarritasunaren hobekuntzan, enpresen sorkuntzari babesa ematean, lehiakortasunaren hobekuntzan eta bertako proiektu estrategikoen sustapenean lanean dihardugu”.

“Oso jakitun gara krisi egoera nolakoa den. Dirulaguntza hauek bizi garen egoerarekin lotuta daude eta ez dira lehenak, ezta azkenak izango ere”.

Bi lerro desberdin

Dirulaguntzen xehetasunak Maria Serrano zinegotziak eman ditu. “Ekimenak bi helburu dauzka: batetik, ekintzailetza proiektuei sostengua ematea, eta bestetik, enpresei bere lehiakortasuna hobetzeko sostengua ematea”.

“Iaz ere atera genituen laguntza hauek. Aurten kopurua igo egin dugu eta 60.000 eurokoa izango da, dirulaguntzen lehen lerroari 25.000 euro bideratuko zaizkiolarik eta bigarrenari 35.000. Enpresen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak dira, baita 2019an egindako obren inguruko dirulaguntzak ere.

Gainera Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuek salbuespen bat izango dute. Udalaren helburua gune historikoari bultzada ematea da eta hala, ekintzailetzako laguntzak handiagoak izango dira kasu honetan.

Deialdi hau urtero egiteko asmoa du Udalak, beti ere aurreko urteko gastuei erantzun ahal izateko. Datorren astean Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, hilabete bateko epea irekiko da eskatu ahal izateko”, amaitu du Serranok.