Korrika badator. Hondarribitik igandetik astelenerako gauerdian pasako da, baina ekitaldi nagusi horrekin bat egin nahian beste hainbat ekimen antolatu dira AEK, Hondarribiko Udala, Hondarribiko ikastetxeak eta Gazte Xaia-ren artean. Aurkezpena gaur burutu da udaletxeko areto nagusian, herri-eragile ugariren parte hartzearekin.
Txomin Sagarzazu alkateak eskerrak eman dizkie “eragile guztiei Korrikaren alde egiten duten lan handiagatik. Udalaren aldetik, bat gatoz guztiok dagoen euskararekiko konpromisoa sendoa dela esan dezakegu. Konpromiso hori alde guztietatik lantzen joan behar dugu, euskararen erabileragatik kezkatuta gaude eta. Hiritarrak gonbidatu nahi ditut ekitaldiotan parte hartzeko”.
Arantxa Berrotan Euskarako zinegotziak zehaztu ditu ekitaldiak. “Denon arteko elkarlana dela aipatu nahi dut. Bihar ostirala goizeko 10:45ean Korrika Txikia aterako da Arma Plazatik Santiago kalean amaitzeko. Jarraian, lehen aldiz Korrika Gaztea burutuko da 12:15ean, ibilbide bera jarraituz. Antolakuntza eta azpiegitura aldetik Udalak 1.100 euro jarri ditu hontarako”.
Ekitaldiak larunbata eta igandean
Larunbatean, Gazte Xaiak antolatuta, jaialdia egongo da, erraldoi eta buruhandi, Abiyuan Txaranga, Kasino Zaharrean bazkaria, bertsolariak, DJ emanaldiarekin. Udalak oholtza, karpa eta komunak jarriko ditu Gazte Xaia laguntzeko, 9.800 euroko laguntzarekin”.
Igandean, Talaia Ikastetxeak antolatu du, ikusita Korrika gauerdian igaroko dela, eta gazteak Korrika heldu bitartean kalea nola mantendu bermatzeko. Arratsaldeko 19:00tan hasiko dira ekitaldiak Arma Plazan, kalejira, musika, Mutxikoak, bingoa Kasino Zaharreko karpan… denetatik egongo da Hondarribian.
Mattin Sorzabalberek eskerrak eman dizkie “AEK-ren izenean laguntzen ari diren guztiei. Denok helburu bera dugu eta pozgarria da. Oso jai zabala da, denok gaude bertan eta bide beretik jarraitu behar dugula pentsatzen dugu”.