"Fair play" ikuskizuna aurkeztuko du Kasino Zaharreko lorategietan.

Datorren ostiralean, abuztuak 28an, Kukai dantza taldeak “Fair play” ikuskizuna aurkeztuko du Kasino Zaharreko lorategietan arratsaldeko 20:00etatik hasita. Bertara joateko ezinbestekoa izango da gonbidapena Arma Plazan edo https://tickets.kutxabank.es/#/ webgunean jasotzea. Maskara nahitaezkoa izango da.

Real Sociedad eta Corner Festibalak egindako eskari baten ondoren sortu zen “Fair play” ikuskizuna.

Baloiaren edota dantzarien jauziak. Urratsak eta golak. Oholtza eta soropila. Futbola eta dantza. Kukai Dantza eta Reala. Ikuskizun honek baloreak eta izaera bat jarri nahi ditu futbol zelaia den agertokian. Errespetua, ahalegina, talde lana, umiltasuna… aldagela zein kamerino bateko oinarri dira, antzoki zein estadio batekoak.

Kirolean eta artean. Jokalariak eta jokulariak. Euren gorputz, ahalegin, balore eta taldearen bitartez beren testuinguruarekin batzen dira komunitatearen eta identitaeren parte bilakatuz.