Irungo Udala. / Martin Tellechea

Irungo Udal Euskaltegiak abian jarriko du LANNAHI programaren hirugarren txanda. Langabezia egoeran dauden pertsonei zuzendua dago programa eta haren bitartez, euskara debalde ikasteko aukera ematen zaie. Hirugarren txandako ikastaroa martxoaren 23an hasi eta ekainaren 22an bukatuko da.

Udal Euskaltegia programa honen bost txanda eskaintzen ari da 2019-2020 ikasturtean: 3 ikasturtean zehar eta 2 udan. Ikasturtean zehar goizeko txandetan izena ematen dutenak lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz. Udan, ordea, lau orduz arituko dira goizez.

LANNAHI programan izena eman nahi dutenek izen-ematea internetez egin beharko dute 3. txandarako, martxoaren 2tik 10erako epean, SAC24h zerbitzuaren bitartez Irun Txartela edo beste ziurtagiri digital batzuk erabiliz (NA elektronikoa, IZENPE txartela..). Hori ezinezkoa bazaie, HAZeko autozerbitzu terminaletan (San Martzial kalea, 2) egin dezakete matrikula egunero 8:00etatik 22:00etara.

Eskaria internetez egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egon eta langabezian egon edo lanean egonda ere lanaldiak %50a ez gainditzea.