Ludoteka: Halloween kontatuko balidate

Oporrak baino bi aste lehenago, animatzaileek haurrei galdetu zieten zein gai nahi zuten ludotekara etorriko zirenerako eta Halloween atera zen garaile

0
731
Aho batez bozkatutako gaia izan zen. / Hendaiako Udala

Azken festa egun hauetan, udal ludotekara etorri diren 20 haurrek ukan dute zer egin handia. Zeuden jokoak Halloween gaira egokitzeaz gain, beren jantzietarako osagarriak sortu dituzte eta artelan handiak beren festara gonbidatu dituzte… “Gioconda” eta “Perladun gaztea” makilatu dituzte, Van Gogh margolariaren Gau Izartsua Izialdura Gau bilakatu dute. Xagutxoen bisita izan dute ere, ikusezinaren edaria edan ondoren, hormetan zehar ibili baitira jukutriak eginez eta trufatuz.

Aho batez bozkatutako gaia

Oporrak baino bi aste lehenago, animatzaileek haurrei galdetu zieten zein gai nahi zuten ludotekara etorriko zirenerako eta Halloween atera zen garaile guztiek hori proposatu baitzuten. Iazko oroitzapena, gai bera landu baitzen orduan, oraindik haien gogoetan zegoen.

Halloween une kitzikagarria zaie haurrei, duten ausardia neurtzeko aukera; mozorrotzen dira, makilatzen dira, gozokiak jaten dituzte, elkarrekin jolasten dute… eta zein leku horretarako aproposago udal ludoteka baino.