Lasa, Silanes eta Barandiaran. / Hondarribiko Udala

Datorren aste osoan zehar, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, eta Kultura departamentuaren laguntzarekin ‘A tempo’ ekimena martxan jarriko da. Aurkezpen ekitaldian Kalixa Silanes Kultura zinegotzia eta Esther Barandiaran, Musika eta Dantza Eskolako zuzendari pedagogikoa izan dira, baita kartelaren egile izan den Julia Lasa ere.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolari, Hondarribiko kultura aberasteko egiten duen lan bikainagatik. 1992tik Hondarribian arautu gabeko musika ikasketak eskaintzeko dagoen sistema da eta Hondarribiko gizartearentzat garrantzi handikoa dela uste dugu, eta ia 30 urte hauetan, musika eta pedagogia aldetik oso emaitza onak eman dituen sistema bat dela argi dugu”, dio Kalixa Silanesek.

“Otsailaren 1etik 5erarte egingo ditugun ekitaldien egitaraua ezagutzera eman nahi dizuegu”, esan du Esther Barandiaranek. “Gure eskolan egiten dugun lanarekin gozatu eta burura eramandakoak partekatu ahal izango dira. Julia Lasa diseinatzailea eta ilustratzailea izan da aurtengo egitarauaren eta kartelaren diseinuaren egile”.

Covid-19aren baldintzekin

“Jarduera desberdinak eta aberatsak prestatu ditugu, eta mimo berezia jarri dugu ekimen honetan. Segurtasun eta osasun neurri guztiak hartuko ditugu baina aurten ekitaldi itxiak izango dira”, esan du Esther Barandiaranek. “Aurtengoa, barrutik pentsatua eta barruan gozatzeko. Eta, beti bezala, ilusio eta gogo handiz prestatua, gure heziketaren beste alderdi batzuk lantzeko xedearekin. Egun horietan ez da klaserik izango ohiko ordutegietan”.

Julia Lasa diseinatzailea eta ilustratzaile hondarribiarra izan da aurtengo kartelaren egilea: “Poz handiarekin egin dut lana. Dantzari baten irudia da, bere imaginazioari hegan egiten uzten diona musika jarraituaz, Mikel Laboaren ‘Txoriak Txori’ buruan izanda” azaldu du Lasak.

Aurtengo ekitaldiak

– Guraso, ikasle heldu eta irakasleei zuzendurik “Educación musical, nuestra mejor inversión”izenburuko hitzaldia eskainiko du Musikeneko irakasle Maria José Aramberrik, on-line eta gaztelaniaz.
– Musika Heziketa Goiztiarra taldeko ikasleek eta 4, 5 eta 6 urteko ikasleek, Ostomila Taldearen eskutik, “Txotxongiloen Tailerra“ izango dute.
– Musika Hizkuntzako 1. eta 4. mailako ikasleentzat “Perkusio Tailerra” eskainiko du Jaime Atristain Mancisidorrek.
– Musika Hizkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleek “Euskal emakume artistak” tailerra izango dute aukeran. Bertan, taldeka, instalazio bat osatuko dute eskolako sarreran. Tailer hau gure eskolako irakasle Ainara Galarza Ugartek bideratuko du.
– Kultura gaia jasotzen duten ikasleentzat eta Froga Taldekoentzat “Eskola barrutik” Tailerra antolatu da. Bertan, ikasle horiek egindako argazkien bidez, gaur egungo eskola zertan den azalduko da.
– Musika Tresnako 3. mailako ikasleek eta ikasle helduek bi emanaldi eskainiko dituzte Aretoan.
– Dantza Klasikoa eta Euskal Dantzako ikasleentzat “klase berezia” antolatu da Myriam Pérez Cazabón dantzariaren eskutik.
– Sokazko ikasleek ere “Klase berezia” jasoko dute Rebekka Riedel biolontxelistaren eskutik.